argia.eus
INPRIMATU
Greba egiteagatik ehungintza industriako 5.000 langile inguru kaleratu dituzte Bangladeshen
ARGIA @argia 2019ko otsailaren 07a
(Argazkia: Fashion Revolution)

Bangladesheko Gobernuak ehungintza sektorean soldatak igoko zituela jakinarazi zuen iazko irailean, eta 2019an sartzearekin batera gutxiengo soldata %51 igo zuen, 82,75 eurotara. 2013an Rana Plaza eraikina hondoratu eta multinazionalentzako arropa josten zuten milatik gora langile hil zirenetik, lehenengo soldata igoera. Alabaina, indarrean jarritako soldata igoera iruzurtia dela iritzita, ehungintzako langileek haserrez hartu zituzten kaleak urtarrila hasieran. Soldata igoera exijituz, ia bi astez luzatutako grebari bide eman zioten.

Egoera horren aurrean, gobernuak soldata igoera berri bat agindu zuen, eta langileek greba bertan behera utzi zuten. Urtarrilaren 16an, lantokietara bueltatzerakoan, 750 langile inguruk kaleratu egin zituztela jakin zuten. Kaleratzeen zifrak nabarmen egin du gora: dagoeneko 5.000 inguru dira grebaren harira kaleratutako pertsonak.

Polizia ofizial batek EFE albiste agentziari jakinarazi zion urtarrilaren 15etik 27ra 4.899 langile kaleratuko zituztela, eta hala egin dute. Kaleratzeok istiluak eragin dituzte polizia eta langileen artean, gutxienez hogei zauritu eta hildako bat eraginez. Ehungintza industriako gatazken bueltan poliziaren esku-hartzeek eragindako bigarren hilketa litzateke, grebari bide eman zioten istiluetan beste pertsona bat hil baitzen.

Ehungintza eta Jantzigintzako Langileen Ligako presidenteordea den Morium Akhter-ek EFEri egindako adierazpenen arabera, kaleratzeak langileak izuarazteko taktika bezala ari dira erabiltzen.