Martxoaren 22an egin zuten greba “jendetsuarekin” jarraitzeko, LAB, ELA eta STEILASek grebak antolatu dituzte maiatzaren 16an eta 23an. Besteren artean, “Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketez” kexu dira.
Prentsaurrekoan adierazi dute hezkuntza publikoaren egoera “larria” dela, eta ezinbesteko ikusten dute “Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea”.
Egoera hobetzeko ondorengo eskaerak dituzte: hezkuntza inbertsioa handitzea; pertsonala handitzea, gutxienez 2.000 langile gehiago; bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztea; ikasle-ratioak %10 murriztea eta LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea, besteren artean.
STEILAS, ELA eta LAB sindikatuek uste dute neurri horiek lortzeko greba eta mobilizazio dinamikak areagotzea beharrezkoa dela. Hala, maiatzaren 16an eta 23an greba egingo dute unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan, 20an manifestazioak egingo dituzte hiriburuetan “familia eta herritarrekin”, eta ohartarazi dute erantzunik ezean, datorren ikasturtean mobilizazioekin jarraituko dutela.