argia.eus
INPRIMATU
Greba egingo dute garbiketako langileek martxoaren 6tik aurrera Gasteizen
  •  Kaleratutako zortzi langile berriz hartzeko eskatzen dute. Astelehen honetan egin dute asanblada eta langileen %90k enpresa komitearen proposamena onartu du.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko otsailaren 20a
Lehenago akordiorik ez bada martxoaren 6tik aurrera ez da zaborrik jasoko Gasteizen. (Arg.: Arabako Alea)

FCC eta GMSM Medioambiental enpresa-elkarteak azken hilabeteotan kaleratu dituen zortzi langileak berriro hartzen ez dituen bitartean, langileek ez dituzte Gasteizko kaleak garbituko eta ez da zaborra jasoko. Gainera, asteartero eta ostegunero, kontzentrazioak egingo dituzte Agirrelandan, enpresa-elkartea eta Udala presionatzeko, eta irtenbide bat lortzeko. Martxoaren 6an abiatuko da greba.

Enpresa-elkarteak kaleratzeak egiteko emandako arrazoiak arbuiatu dituzte langileek, eta ukatu dute  absentismo altua dagoenik, eta enpresak galera ekonomikoak dituenik horregatik. Garbiketako enpresa-elkarteak bere garaian esan zuen %25eko absentismo tasa dagoela; langileek ordea esan dute %8 baino txikiagoa dela. "Galera ekonomikoen errudunak ez dira langileak, guk ematen dizkiguten medioekin eta zenbakiekin lan egiten dugu. Errudun bakarra enpresa da", adierazi du empresa komiteak.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra