argia.eus
INPRIMATU
Greba abiatu dute Uberreko langileek Bizkaian, gutxieneko soldata baino gehiago kobratzeko
  • Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 12a
Bilboko Foru Jauregiaren aurrean eginiko elkarretaratzea ELA

Bizkaiko Uber enpresako langileek grebari ekin diote asteazkenean eta hala jarraituko dute urtarrilaren 6 arte, 27 egunez. Egun kobratzen duten gutxieneko soldata hobetzea bermatuko dien lan-hitzarmena eskatu dute, baita lanaldiaren benetako zenbaketa, ibilgailuetan segurtasun handiagoa eta gaueko eta jaiegunetako plusak jasotzea ere.

Bilboko Foru Jauregiaren aurrean elkartu dira Uberreko hainbat langile, eta hitzarmenaren negoziazioak desblokeatzeko eskatu diote enpresari, aurrekoa 2023ko abenduaren 31n iraungi baitzen. Uberrekin hainbat hilabetez bildu eta gero gutxieneko soldata kobratzen jarraitzeko proposamenari besterik ez diola heltzen jakinarazi dute grebalariek.

Lanbidearteko gutxieneko soldata kobratzeko Uberreko gidariek lan-baldintza “jasanezinetan urtean 365 egunez eta 24 orduz” lan egiten dutela azpimarratu du ELA sindikatuak. Izan ere, salatu dutenez, “egunean 12 orduz egon daitezke lanean, baina kontratatutako zerbitzuaren araberako orduak baino ez zaizkie zenbatzen benetako lanordu gisa”.