argia.eus
INPRIMATU
Greba egingo dute asteartean Tubacex enpresako lantegietan, segurtasun eta prebentzio neurriak hobetu ditzaten
  • Deialdi bateratua egin dute sindikatuek lan baldintzen segurtasuna eta prebentzio neurriak exijitzeko enpresari. Izan ere, azken hilabeteetan 2 langile hil dira Tubacex taldeko lantegietan.

Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2019ko urriaren 29a
Uztailean egindako mobilizazioaren irudia (Argazkia: Aiaraldea.eus)

24 orduko greba deitu dute asteartean, urriaren 29an, Tubacex enpresako lantegietan. ELAk, STATek, LABek, CCOOk eta Independenteek egingo dute elkarretaratzea 13:00etan, Laudioko lantegiko atarian.

Sindikatuek azaldu dute uztailean Laudioko langile gazte bat  lan istripuan hil zela medio, zerrenda prestatzen hasi zirela mantenuan, segurtasunean eta prebentzioan neurriak hartzeko. Bukatu baino lehen, beste behargin batek bizitza galdu zuen enpresako azpiegituretan.

Hala ere, langile erakundeek nabarmendu dute zuzendaritzak ez diela jaramonik egin eta, gainera, arduragabekeriaz jokatzea leporatu eta mehatxatu dituela. Horrez gain, presioa eta tratu txarrak etengabeak direla aipatu dute.

Horren aurrean, sindikatuek greba antolatu dute eta langileei eskatu diete parte hartzeko, euren atsekabea adierazteko. Protestaren aldarrikapen nagusiak hurrengoak dira:

  • Benetako prebentzioa eta mantenua bermatzea
  • Enpresak alde bakarreko erabakirik ez hartzea
  • Mehatxu gehiagorik ez egotea beharginen zein langile batzordearen kontra
  • Langile baten falta aurreikusita dagoenean, beste batekin betetzea hutsunea
  • Azpiegiturak hobetzea, "txatarra hutsa baitira batzuk”