argia.eus
INPRIMATU
Greba eginen dute Nafarroako hezkuntza publikoko irakasleek apirilaren 3an
  • Hezkuntza publikoko 10.000 irakasle grebara deituta daude datorren apirilaren 3an. LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek, benetako negoziaziora behartu nahi dute Nafarroako Gobernua, irakasleen lan baldintzen inguruan.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2023ko martxoaren 07a

Nekatuta daude hezkuntza arloko sindikatuak, negoziazio mahai sektorialean Nafarroako Gobernuak beren aldarrikapenei ez dielako baliorik ematen. "Gutxietsi gaituzte" salatu dute sindikatuek grebara deitzeko komunikatuan, "Negoziazio kolektiborako tresna nagusia kontsulta organo bihurtu nahi izan da, ez da izan guztioi eragiten diguten lan baldintzei buruz negoziatzeko gunea".

Premiazko negoziazioa ireki dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari, irakasleen lan eskariei erantzuteko: ratioen jaitsiera hezkuntza etapa guztietan, KPI-arekiko soldata igoera, behin behinekotasuna %8 errealetik behera mantentzea eta gainkarga burokratikoa murriztea ikasleen premiei denbora eskaini ahal izateko. Aldarrikapen hauek lortuta, irakasleen lan baldintzak hobetzeaz gain, eskaintzen duten zerbitzua hobetuko litzatekeela uste dute sindikatuek.