argia.eus
INPRIMATU
Greba EAEko sektore publikoan apirilaren 22an
  • ESK, SATSE, ELA, LAB, CCOO, eta STEILAS sindikatuek deitu dute greba. Enplegu publiko berria sortzea, lan baldintzak hobetzea eta aldi baterako kontratuekin ari diren langileen enplegua finkatzea eskatu dute. Mobilizazio dinamika orokor bat iragarri dute.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 01a
Argazkia: @LABsindikatua.

Sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute astelehenean, enplegu publikoaren azterketa partekatua egiteko eta mobilizazio dinamika baten berri emateko. “EAEko administrazioetan enpleguaren egoera gero eta kezkagarriagoa da”, hasi dute agerraldia, zerbitzu publikoetan enplegua suntsitzen ari dela, berria sortzeko borondaterik ez dagoela eta ezegonkortasuna handia dela azpimarratuz. “Ez dugu gehiegikeriarik esaten gobernuak zerbitzu publikoak kontzienteki ahultzen ari direla baieztatzean. Ildo horretan, azken urteotan pribatizatuz joan diren zerbitzu publikoak kontaezinak dira, eta horietako asko ezinbestekoak dira bizitzari eusteko”.

Behin-behinekotasun maila “onartezina” dela salatu dute sindikatuek eta lan eskaintza publikoak ez direla nahikoak. “Lanpostuen zerrendak eta egiturazko plantillak handitzea aldarrikatu dugu, milaka langilek betetzen dituzten baina gure agintariek ezkutatzen dituzten egiturazko lanpostu horiek guztiak gehituz”. Lan-karga “jasanezinak” arintzeko ratioak hobetzea exijitu dute ere, eta langile taldearen bataz besteko adina jaisteko aurretiko erretiro plan bat.

Negoziazioa, interpelazioa, mobilizazioa

Behar horiek guztiak asebidean jartzeko, negoziazio kolektiboa aktibatzeko eskatu dute ESK, SATSE, ELA, LAB, CCOO, eta STEILAS sindikatuek. Erakunde eta alderdi politiko guztiei zuzendu zaizkie, “Eusko Jaurlaritzatik hasi eta azken udaleraino, bai eta erakunde horietan ordezkaritza duten indar politiko guztiak ere, beharrezko arau-aldaketak bultzatzeko ezinbesteko urratsak eman ditzaten”.

Hori guztia aldarrikatzeko bi mobilizazio egun adostu dituzte sindikatuek, eta iragarri dute gehiago ere adostuko dituztela aurrerago. Martxoaren 17an elkarretaratzeak egingo dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Apirilaren 22an greba egitera deitu dute sektore publiko osoa.