ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Gipuzkoako hoteletako langileentzat greba deitu dute maiatzaren 23, 24 eta 25erako. "Patronalak hitzarmen kolektiboarekin lotuta egin dituen proposamenak ez direla nahikoak" salatu dute.
ELAk jakinarazi duenez, blokeo egoeran dago Gipuzkoako Ostatuen Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioa eta horregatik deitu dute greba.
Turismoaren Mundu mailako arduradunak Donostian
Sindikatuek ez dituzte kasualitatez aukeratu egun hauek greba egiteko. Egun horietan Turismoaren Munduko Erakundeak (TME) 35 herrialdetako 300 agintari eta ordezkari bilduko dituzte Donostian.
Espainiako Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko ministro Álvaro Nadal, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Komertzio eta Kontsumo kontseilari Alfredo Retortillok aurkeztu zuten ekimena.
Nadalek azpimarratu zuen turismoaren esparruko "gertakari handienetako bat" dela eta "Euskadi eta Donostiak orain arte izan ez duen nazioarte mailako bisita txartel" gisa funtzionatuko duela.