Bilboko Estiba enpresa eta portuko zamaketarien artean dagoen lan-gatazkak ez du amaierarik: langile batzordearen gehiengoak greba deialdia luzatu du bi astez, azaroaren 9ra arte.
Ez dago hartuemanik zamaketarien ordezkarien eta Bilbo Estiba osatzen duten enpresen artean, eta patronalaren jarrerari erantzuteko, greba deialdia bi astez luzatuko dela jakinarazi dute sindikatuek, langile batzordearen gehiengoaren babesarekin –sektoreko sindikatu guztiak ELA izan ezik, zentral sindikal honek bere deialdia egin baitu baldintza beretan–.
Hamaika egun daramatzate greban dagoeneko eta indarrean dagoen deialdia igandean bukatzen bazen ere, zamaketariek azaroaren 9ra arte luzatuko dutela jakinarazi dute. Aurreko greba egunetan, bi orduko lanuzteak edo txanda osoko lanuzteak tartekatu dituzte. Protesta berrian aldiz, egun bakoitzeko txandak dituen orduen erdiak egingo dituzte. Grebaren helburu nagusia langile finkoen enplegua bermatu eta aldi baterako langileen baldintzak hobetzea da.
Langile guztiek, bai Bilboestibako lan kontratu mugagabea dutenek, bai Randstadeko lan poltsako aldi baterako langileek, batasuna, elkartasuna eta atxikimendua erakutsi dute grebarekin, sektorean deitutako lanuzte guztiekin bat eginez. Salatu dutenez, enpresek errepresaliak hartu dituzte aldi baterako langileen aurka haiek kontratatzeari utziz. Horrek esan nahi du behin-behineko 100 zamaketari baino gehiago kaleratu dituztela. Zamaketari horiek azken 12 urteetan 130 txanda inguru egin dituzte urtean, batez beste.
Egun oraindik ez dago bilerarik aurreikusita zamaketarien ordezkarien eta Bilboko Estiba enpresaren artean. UGTko ordezkari Israel Ruizek Berria egunkarian adierazi duenez, enpresak Lan Harremanen Kontseilura (LHK) jo du baina beraiek ez dute oraingoz deirik jaso. Mobilizazioen bidez zamaketariek salatu nahi dute lan-hitzarmena "behin eta berriro ez betetzea" atseden egunei eta langileak kontratatzeari dagokionez; behin-behinekotasunaren igoera, bereziki azken bi hilabeteetan; makineriaren baldintza txarrak eta Portuko Enplegu Zentroa "desegiteko etengabeko mehatxua".