argia.eus
INPRIMATU
Greba bertan behera uztea erabaki dute Productos Tubulareseko langileek
  • Martxoaren 8an hasitako lan uztea amaitutzat jotzea erabaki dute beharginek. Erabakia enpresak lan erregulazioaren espediente baztertu ostean iritsi da. Grebaren uztearen alde 288 langilek bozkatu dute eta 103 izan dira aurkako botoak. Trapagarango lantegia ostiralean hasiko da berriz martxan.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko apirilaren 20a

Trapagarango Productos Reunidosen filialak apirilaren 4an lan erregulazio espedientea aurkeztu zuen, langileen lan baldintzak zuzenean kaltetzen zituzten neurriak: 418 langiletatik 157 kaleratzeko asmoa zuen enpresak eta enpresan geldituko liratekeen langileen soldata %25 jaistea aurreikusten zuen, besteak beste. Ordurako langileak greban zeuden espediente gogor hori aurre egiteko. Asteartean atzera bota zuen zuzendariak hilabete hasieran aurkeztu zuen lan erregulazioaren espedientea.

Behin lan erregulazioaren espedientea baztertuta, negoziazio azkar eta berri bat egiteko deia egin zien zuzendaritzak langileei. Aurretik, langileak lanera itzultzeko baldintza jarri zuten enpresaburuek, haien ustetan grebak are gehiago okertu baitu enpresaren egoera; 32.5 milioi euroko zorra pilatu du Productos Tubularesek hiru urteko epean.

Datorren hastean hasiko dira bi aldeak berriz negoziatzen. Enpresak nabarmendu du beharrezkoa izango dela “premiazko neurriak” hartzea enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Langile batzordeak, ordea, orain arte jarritako hiru baldintzei eusteko asmoa du: labe elektrikoa ez ixtea, kaleratzerik ez egotea eta lan hitzarmena ez urratzea.