argia.eus
INPRIMATU
Beste greba bat hezkuntzan, Jaurlaritzak “ez duelako negoziatzeko inolako borondaterik”
  • Martxoko greba egunean ohartarazi zuten sindikatuek: Eusko Jaurlaritzak murrizketen politika alboratu eta negoziatzera eseri ezean, mobilizazio gehiago etorriko ziren. Ordutik Hezkuntza Sailak “ez du negoziatzeko inolako borondaterik agertu”, diote sindikatuek, eta grebara doaz maiatzaren 16an eta 23an.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko maiatzaren 15
Martxoaren 22ko mobilizazioak (LAB)

Hezkuntza inbertsioa gutxienez Europar Batasuneko batez bestekora handitzea; ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztea; gutxienez 2.000 langile gehiago hartzea; gelako ikasle kopurua %10era jaistea eta ordezkapenak lehen egunetik egitea eskatzen dute, besteak beste, Steilas, LAB eta ELAk. “Eskatzen duguna ez da ezer iraultzailea, baina aspalditik krisia dute aitzakia eta murrizketak betikotu nahi dituzte”. Hezkuntzak bizi duen egoera “oso larria” dela azpimarratu dute sindikatuek.

Jaurlaritzak “negoziatzeko batere interesik ez duela” ikusita, maiatzaren 16ko grebarekin bat egin du CCOO sindikatuak ere. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleak, Heziketa Bereziko langileak, sukaldariak, garbitzaileak eta Haurreskolak Partzuergoko langileak daude deituta.

Administrazioaren erantzunik ezean, mobilizazioekin jarraituko dutela argi adierazi dute sindikatuek. Oraingoz, maiatzaren 23rako ere deituta dago greba.