argia.eus
INPRIMATU
Greba berria hasi dute Arabako egoitza pribatuetako langileak
  • Maiatzaren 23 eta 24an grebara deitu dute Arabako zaharren egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Patronalaren “blokeoa” salatu dute ELAk eta LABek, eta soldata igoera eta lanaldi murrizketa jasoko dituen lan hitzarmena eskatu.

ARGIA @argia 2023ko maiatzaren 23a
Astearte eguerdian manifestazioa egin dute langileek. Argazkia: ELA

ELAk eta LABek azaldu dutenez, maiatzaren 15ean eseri ziren patronalarekin azken aldiz negoziazio mahaian, baina sindikatuek orduan egindako proposamenari ez dio erantzunik eman oraindik patronalak. “Horrek agerian uzten digu negoziatzeko duen jarrera eskasa”, adierazi dute sindikatuek, eta patronalaren “blokeoa” gaitzetsi dute.

Lau urte borrokan

Lan hitzarmen propio baten alde lau urte baino gehiago daramatzate borrokan sektoreko langileek, sindikatuek azpimarratu dutenez. Soldataren igoera eta lanaldiaren murrizketa dira beren aldarrikapen nagusiak, horiek direlako arazo nagusiak: “Lanarengatik sortutako gero eta gaitz gehiagorekin, urteko lanaldi oso luzeekin, eta gero eta zailagoa egiten zaie hilabete amaierara iristea; hau da, lan egiteko bizi dira, eta bizirauteko lan egiten dute".

Egoitzena eta zaintzarena sektore feminizatu eta prekarizatuak dira oro har, “non emakume horiek adinekoen bizitzari eusten lan egiten duten”, eta lan horiek “eskertu eta baloratzeko” beharra azpimarratu dute sindikatuek.

Hitzarmenaren aldeko mobilizazioak

Patronalari negoziatzeko eskatu diote sindikatuek, eta Arabako Gizarte Politiketako diputatu Emilio Solari ere eskatu diote hitzarmena bultzatu dezala. “Zaintzak publikoak izan behar dira, eta ez negozioa”.

Hitzarmena lortzeko mobilizatzera eta borrokatzera deitu dute sindikatuek, “gehiegizko gutxieneko zerbitzuek uzten duten neurrian”. Maiatzaren 23ko astearte goizean manifestazioa egin dute langileek, asteazkenerako kontzentrazioa eta manifestazioa antolatu dute, eta ostiral goizez autokarabana egingo dute.