argia.eus
INPRIMATU
Graxi Etxebehere militante abertzalea zendu da
  • 72 urte zituela, minbiziak eraman du, hainbat urtez haren aurka borrokatu ondoan. Sutsuki ezkertiarra eta abertzalea, bizileku zuen Ortzaize herriaren bizi kultural eta politikotik nazio askapenaren aldeko borrokara, hainbat borroketan inplikaturikoa izan da.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko abuztuaren 30a
Grazi Etxebehere, aurtengo Aberri Egunean, Itsasun. Argazkia: Bagira

Graxi Etxebehere ortzaiztarra zendu da, minbiziak eramanik, 72 urte zituela. Euskaltzalea eta abertzalea, bere militantziagatik aspaldian zen ezaguna. Azkenik, aurtengo Aberri Egunean ikusi ahal izan genuen, Itsasun, 60 abertzalek babesturiko Izan ginen, bagira, izanen gira adierazpena irakurtzen.

Naiz-ek zabaldu du mezua goiz honetan eta orduz geroztik esker eta dolumin mezuak biderkatuz doaz sare sozialetan.

2015ean atxilotu zuten, ETAko kide Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea aterpetzeagatik, bi horiek eta beste bi ortzaiztarrekin batera. Aske utzi eta ondokoa adierazi zuen Berria-ri eskainitako elkarrizketan: "Oso garbi dut bake prozesua lagundu behar dugula eta hori pasatzen da desarmatzeko [ETA] erakundearen laguntzetik. Hitz egitekotan, pertsonak behar dira bi aldeetatik. Erakundeak eman ditu oso pauso inportanteak, borroka armaturik ez da gehiago... Beste pauso bat da desarmatzea, eta Parisko Bake Konferentzian garbiki erran dute baldintzak zein izan behar diren. Baldintza haiek estatuen esku daude, eta gure esku, prozesua eta desarmatzea laguntzea". Bake Artisauen sarean barne egondakoa da.

Etxeko ateen irekitze hori aspaldikoa zuen: "Euskal Herriaren alde ari ziren militanteak laguntzen genituen. Francok eta ondokoek xehatu nahi zituzten jende horiek denak –torturatzen zituzten, hiltzen zituzten–, eta berek defenditzen zutena guk defenditu nahi genuena baitzen, orduan bazen gure artean halako… denekin ados ez izanda ere, helburu bera duten jendeen artean bada ikusten ez den piru bat lotzen zaituena. Jende horiendako banuen hurbiltasun bat". Adierazpen hori Irulegiko Irratiari iaz eskainitako elkarrizketan kausitu daiteke.

Funtsean, horregatik sartu zuten preso, 1992. urtean eta sei hilabete pasa zituen Fleury-Merogiseko kartzelan. Kaleratu berri, ondokoa adierazi zuen ARGIAri emandako elkarrizketan: "Gauza batek estonatu nau gehien: nola jostatzen diren gurekin. Dosierra hutsa duzu eta espetxera zoaz. Beraiek erabakitzen badute hobendun zarela, xerkatzen dute ahalegina. Hori ez da justizia. Deus ez den lekutik norbait errudun bihurtzea politika da". 1995ean iragan zen epaiketa: Etchebeherez gain, orotara 80 lagun epaitu zituzten Parisen –euskaldunak eta bretoiak ziren auziperatuak– eta aterpetze horien “kriminalizazioa” salatu zuten aho batez.

Herrigintzan inplikatua

Iaz plazaraturiko Ortzaizeko kabalkadan aritu zen, antzerkian. Ordungoz eri zela, rol ttipia izanik ere han egon zen, gustuko zuen kolektibotasunaren parte.

2022ko Ortzaizeko kabalkadan, antzerkian, eskuinekoa. Argazkia:  Séverine Dabadie EKE

Nafarroaren Egunaren antolatzaile den Basaizea elkartearen sortzaileen artean ere izan zen 1970eko hamarkada bukaeran. Ipar Euskal Herriko garai hartako beste hainbat herritarren gisara, abertzale bihurtu zen gaztaroan. Basaizea izan zuen militantziarako leku, edota politika arloan EMA Ezkerreko Mugimendu Abertzalea.

Erizaina zen ogibidez, eta osasuna eskubide eta zerbitzu publiko gisa zeuzkan –batez ere husteko arriskuan egon daitekeen baserri munduan–. Urte luzez aritu zen jendea bere etxean artatzen, Nafarroa Behereko hainbat herri ttipietan – Ortzaizen, Bidarrain, Arrosan, Irisarrin...–.

Herriaren aldeko inplikazio horren beste adibide bat, Ortzaizeko Etxebestia etxearen salmenta auzitan jarri izana, 2015ean. Garbi izeneko elkarteak diozesiari utzi nahi izan zion etxea, baina horren aurka kokatu zen Etxebehere bera, afera auzitara eramanez eta irabaziz. Eskaintza sozialak eta kulturalak bideratzeko gisan, gune hori Elizaren jabegotik at egotearen alde eraman zuen borroka.

Azken hatsa eman du gau honetan, azken unea arte etxean egonik, hurbilekoen artean. Eritasunaz eta heriotzaz ere mintzatu zen Irulegiko Irratiari eskainitako elkarrizketan. Besteak beste, ondokoa zioen: "Partitu behar baldin bada, izan dadila barne baketsu batekin. Eta pentsatzen dut hala izanen dela, ene biziko gauza guziak beren lekuan baitira. Eta gero, hara, izan dadila duintasunez. Nik ez dut batere gogorik hiltzeko, ez nuke nahi, baina ez nuke nahi memento hori lainotu edo gorde ere".