argia.eus
INPRIMATU
‘Aztnugal’ auziko kideek Marlaskari galdetu diote ea bazekien polizia beraiek torturatzen ari zela
  • Estrasburgoko giza eskubideen auzitegiak berriro ere Espainia zigortu ostean torturak ongi ez ikertzeagatik, Aztnugal gisa ezagun egin den operazioan atxilotuek Espainiako Barne Ministro Fernando Grande-Marlaskari galdera argi bat sartu diote erregistroan: ba al zenekien guardia zibila gazte hauek torturatzen ari zela? 2011ko operazio hartan gaur egun barne ministro dena izan zen instrukzio-epaile eta tortura salaketen aurrean beste alde batera begiratu zuen.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko urtarrilaren 20a
Aztnugal kanpainako artxiboko irudi bat.

Torturak pairatu zituzten bost pertsona hauek Madrilen izan dira asteazkenean eta Espainiako Barne ministroaren erregistroan gaur egun ministro denari idatzi bat erregistratu diote, Naiz-eko Martxelo Diaz kazetariak jaso duenez. Galdetu diote Fernando Grande-Marlaskari "ea jakitun zen poliziaren eskuetan ziren bitartean pairatzen ari ziren tratu krudel, anker eta umiliagarriaz".

Patxi Arratibel, Iñigo Gonzalez, Iker Moreno, Gorka Zabala, Xabier Beortegi eta Gorka Mayo atxilotu zituen Guardia Zibilak Grande-Marlaska epailearen aginduz 2011n. Haietako bostek torturak salatu zituzten (Gorka Mayo izan zen torturarik salatu ez zuen bakarra) eta zehazki Iñigo Gonzalezek salatu zuen kolpeak, poltsa bezalako metodoak eta bortxaketa simulazioak jasan zituela.

Arratibelen eta Beortegiren salaketak Estrasburgoraino heldu ziren, eta Giza Eskubideen Auzitegiak tortura salaketei sinesgarritasuna aitortu eta bi kasu horietan Espainia zigortu zuen, salaketak ez ikertzeagatik. Orain hirugarrenez zigortu du Espainia, polizia operazio horren baitan: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du Espainiak Europako hitzarmeneko hirugarren artikulua urratu duela, alegia, ez zituela behar bezala ikertu Gonzalezek salatutako torturak.

Espainiako Estatuak 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio Gonzalezi, "kalte moralengatik", hiru hilabeteko epean.

Joxerra Senar kazetariak Berria egunkarian atxiloketa haien testuingurua kontatu du, baita tortura salaketak Estrasburgoko auzitegira iritsi izanak epaiketan izan zuen eragina ere: "Alde batetik, ez zuten gerarazi auzi judiziala, baina neurri batean baldintzatu zuen. Tortura bidez hartutako adierazpen haietan oinarritu zuen akusazioa Jose Perals fiskalak, baina 2016ko apirilean epaiketa egin zenerako, Estrasburgok lehen kolpea emana zion Auzitegi Nazionalari, Jon Patxi Arratibelen salaketa ez ikertzea egotzita. Epaiketan, fiskalak azkenean akordioa hitzartu zuen bost auzipetuekin, eta ez ziren sartu espetxean". Auzipetuta ez egon arren, Beortegiri arrazoi eman zion Estrasburgok 2016ko azaroan.