Egunean pertsona bat baino gehiago kanporatzen dute berehala, hori da aurtengo bataz bestekoa Garak emandako datuen arabera eta gehiago egon daitezke.
Espainian Ahal Duguko senatari Josetxo Arrietak galdetuta, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak errefuxiatuen egoeraren berri eman du. Ministroak terminologia zehaztu du eta esan du ez daudela “berehalako kanporatzeak, berrartzeak baizik”. Arrietak gogorarazi dio mugan –eta aurrerago– egiten diren “kontrol sistematikoen” ondoren gertatzen direla eta “adierazgarririk ez duten furgonetetan” itzultzen dituztela.
Grande-Marlaskaren ustez arazoa Europa guztiarena da, "baita Afrikarena ere". Horretarako mugen “segurtasun eta kontrolen bidez eta giza eskubideen aldeko erabakiak hartuz” migratzaile fluxua gelditu nahi du politikari sarturiko epaileak. Asmo horiek, pertsonen zirkulazio librerako Schengengo akordioarekin kontraesankorrak direla dio Arrietak.
Macky Sall Senegaleko Lehen ministroarekin izandako bileraren berri ere eman du Grande-Marlaskak. Bere esanetan, Sallek adierazi dio kontziente direla horrelako jende fluxua xurgatzeko gaitasun gabeziaz. Barne ministroaren hitzetan, “guk ez dugu nahi beraiek joatea”, erantzun dio bilera horretan agintari senegaldarrari.