argia.eus
INPRIMATU
Grande Marlaska larri giza-eskubideekin
  • Espainiako Gobernuko Barne ministro Fernando Grande Marlaska fokuen menpe da azken asteetan iragan ekainaren 24an Melillan izandako gertaera larriengatik: 23 migratzaile hil zituzten Espainiarako hesia pasatzeko saioan eta beste 70 desagertu ziren.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko abenduaren 01
Iturria: Wikipedia

Afera da hainbat hedabidek –tartean BBCk– eta giza eskubideen elkartek egindako ikerketen arabera, hildako migratzaileetako batzuk Espainiako lurraldean gertatu zirela, eta Grande Marlaskak ukatu egiten duela horrelakorik. Espainian tortura zerbait orokorra zela behin eta berriz ukatu duen moduan. Baina torturatik gertu ibili dela ohartarazi dute hainbat ikerketak.

2011n, adibidez, Torturaren prebentziorako Europako Batzordeak Espainiako Estatua bisitatu zuen eta adierazi zuen harrigarria zela urte hartako lehen bost hilabeteetako atxilotu inkomunikatu guztiak epaile beraren baimenarekin egin zirela, alegia Grande Marlaskak baimenduta.

2021ean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen Ekin-eko kide Iñigo Gonzálezek salatutako torturak ez ikertzeagatik. Polizia operazio hura Grande Marlaskak gidatu zuen eta berari zegokion berak agindutako inkomunikaziopean gertatutakoa ikertzea.

2018an Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak Kongresuko Barne Batzordean galdetu zion Eusko Jaurlaritzak egindako tortura salaketen ikerketaz, non 3.587 pertsonek tratu txarrak eta torturak jaso dituztela egiaztatzen den. Grande Marlascaren erantzuna izan zen, “nahi diren egiak sortu daitezkeela, baina egia bakarra egia judiziala” dela . Agerraldi hartan, ministroak gogorarazi zuen ETAri atzemandako gauzen artean “tortura salatzeko paperak” zeudela.

Gironan ere, Neus Tomásek El Diario.es-en gogora ekarri duen moduan, hamabost gazte eraman zituen auzitegira Espainiako erregearen argazkiak erre zituztelako. Gero absolbituak izan ziren. Eta Kataluniako Parlamentua inguratu zuten manifestariak absolbitu zituztenean ere, berea aurkako boto partikularra izan zen, bere aburuz biltzeko eskubideak ez zuelako babesten protesta hura.

PPk izendatu zuen CGPJrako

Entzutegi Nazionalean hamarkada bat egin ondoren, 2013an PPk Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusirako proposatu zuen. Espainiako Arartekoa izateko ere entzun zen bere izena, eta baita Espainiako Fiskaltza Nagusia zuzentzeko ere, José Manuel de la Maza hil zenean.

Ondoren, 2018ko ekainean Pedro Sanchezek Barne ministro izendatu zuen. Pedro Ageda El Diario.es-eko kazetariak horrela kontatu zuen aski era grafikoan: “Grande Marlasca CGPJko sektore kontserbadoreko bokal gisa esnatu zen eta gobernu sozialista bateko ministro moduan oheratu”.

Ministroa torturekin baino estuago Melillarekin

Epaile askok ehunka tortura kasuekin izan duten harremana ez da oraindik ikertu Espainian, eta beraz, alde horretatik lasai ibiliko da ministroa. Melillako migratzaileen hilketa eta desagerpenean, aldiz, estuago dabil. Gertaerak ikertu dituzten hainbat hedabideren arabera, gutxienez migratzaile bat hesiaren Espainiako aldean hil zen hura zeharkatze saioan poliziek eraso egin eta erori zenean. Gertaeren lekuko eta biktimaren lagun baten esanetan, Aziz Yakoub zuen izena.

Ministroak ukatu egin du Espainiako aldean biktimak izan zirenik eta hedabide ugaritan argitaratutakoak esamesak direla iritzi dio. Espainiako Kongresutik Melilla bisitatu duen diputatu taldeari, aldiz, oso sinesgarria iruditzen zaizkio medioen salaketak, besteak beste, eta gertaeren irudi ofizialak ikusi ondoren, haiek ere hedabideen ondorio berdintsuetara iritsi direlako.