ETAren hainbat biktimen senitartekoek gogor erantzun diote Fernando Grande-Marlaska Espainiako barne ministroari, honek Euskal Herrian Katalunian baino biolentzia maila handiagoa egon dela esateagatik.
La Razón egunkarian egin diote elkarrizketa iragan asteburuan eta egunkariak honako esaldia eraman zuen titulu nagusira: “Kataluniako biolentzia Euskal Herriakoa baino eragin handiagokoa izan da”.
Honek hautsak harrotu ditu Kataluniako ETAren biktimen artean. ETAk hildako Ernest Lluchen alaba Rosa Lluch-ek esaterako honakoa erantzun zion: “Katalunian gertatzen dena nire aitarena moduko hilketekin konparatzea banalizazio hutsa izateaz gain, biktimak iraintzea ere bada. Mesedez izan zaitez arduratsua eta ez gizendu egoeraren okertzea”.
Hipercorreko atentatuan zauritu zuten Roberto Manriquek ere txio batekin erantzun zion: “Ea ministro, tarte bat duzunean eta gezurrak esateari uzten diozunean, etor zaitez Hipercorreko atera eta kontaiguzu ‘biolentziaren’ zure ikuspegia zein den. Enrique, Nuria, Enric, Francesc, Rosa, Marc, Marta… zain gaituzu”.
Elkarrizketak pasarte hau jorratzen duen zatian, Marlaska kale istiluez ari da eta argi dago Kataluniako istiluetan manifestariek poliziaren aurka erabiltzen duten biolentziari buruz ari dela, baina egunkariak modu isolatuan eramaten du titulura eta horrela badirudi biolentziaz ari dela orokorrean.
Edozein modutan, ministroaren zein egunkariaren adierazpen eta jarreretatik argi ikusten da gaur egun Espainiako Estatuko aparatuetatik Kataluniako independentismoa kriminalizatzeko egiten ari diren ahaleginak. Euskal Herriko kale istiluek kale borroka-ren zigilua eraman zuten eta kontzeptu horren pean ehunka gazte zigortu zituzten Espainiako epaileek, horietako asko kartzela zigor gogorrekin. Kataluniako Euskal Herriko kale borroka-rena baino gogorragoa izan bada, ez da gaitza ondorioztatzea Euskal Herrikoak bezalako zigorrak merezi dituela, edo gogorragoak. Euskal Herriko kale borroka delituak terrorismopeko delitutzat hartu ziren, bereziki XXI. mendeko lehen hamarkadan dena da ETA zigilupean epaitu zituztenetik.
La Razón-en jokaera are eta gogorragoa da, Marlaskaren goiburua testuingurutik kanpo eskaintzean, Kataluniako biolentzia Euskal Herrian milatik gora hildako eragin duen biolentzia baino handiagoa izan dela iradokitzen duelako. Espainiako hedabide askoren bultzada oso garrantzitsua da kriminalizazioa gizartera zabaltzeko, CDRen kasuan oso argi ikusten da, Lander Arbelaitzek jorratutako post honetan argi ikusten den gisan: hedabideek CDRak lehergailuekin lotzen dituzte tituluetan, baina gero ez dute gezurtatzen Espainiako Auzitegi Nazionalak ez diela horrelako deliturik leporatzen.