argia.eus
INPRIMATU
Tortura salaketak ez ikertzeagatik ezaguna den Grande Marlaska epailea, Espainiako Barne ministro
  • Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (GEEA) bederatzi aldiz kondenatu du Espainia torturak ez ikertzeagatik eta horietako seitan Grande Marlaska zen epaile instruktorea.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko ekainaren 07a
Grande Marlasca epailea Errioxako unibertsitatean / Urcomunicacion (Wikipedia)

1962an jaiotako bilbotarrak 37 urterekin lortu zuen postua Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Bertan presidente izatera ere heldu zen. Espainiako Auzitegi Nazionalean Baltasar Garzón ordezkatu zuen eta hura bezala, "terrorismoaren" aurkako borrokaren ikono bilakatu zen. Herriko tabernen auzian Arnaldo Otegi espetxeratzeko agindua eman zuen eta Parot Doktrina ezartzeko arazorik ez zuen izan: bederatzi euskal presori ezarri zien gerora GEEAk indargabetu zuen neurria.

Dispertsioaren alde ere agertu da; bere ustez dispertsioak ez ditu bisiten, osasun arreta jasotzeko, defentsarako, komunikaziorako edota kulturarako sarrera izateko oinarrizko eskubiderik urratzen.

“Faisan” kasuko epailea ere izan zen. Bi polizia kondenatu zituen ETAri informazioa pasa izanagatik. Halaber, YAK-42 hegazkin militarraren istripuaren kasua artxibatu zuen. Gerora berriro irekitzera behartu zuten, eta hiru hilabetetara artxibatu egin zuen bigarrenez. Militar horien senideek uste dute Grande Marlaska ministro jartzearen erabakia “maltzurra eta etsigarria” dela.