argia.eus
INPRIMATU
Grande Americak laga duen erregai orbaina euskal kostaldera iristeko arriskua dago
Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko martxoaren 29a

Ekologistak Martxan-ek zabaldutako informazioaren arabera, Grande America itsasontziaren isurketak Bizkaiko golkoan utzi duen orbaina oso handia eta kaltegarria da. Hala berean, orbaina geldiarazteko izan diren saiakerak ez direla eraginkorrak izan adierazi du.

Talde ekologistak dioenez, “euskal kostaldea kutsaturik suertatzeko arrisku larria dago”. Fuel-isurketak “itsasoaren ekosistemak mehatxatzen ditu, baita bertako jarduera ekonomikoak ere: arrantza, itsaski-bilketa, turismoari eta aisialdia”.

Atzo, martxoaren 28an, isurketa kostaldetik ehun miliatara zegoen. Orbainak 100 km koadro inguruko zabalera zeukan. Bere ezaugarriak aintzat hartu ezean, itsas-agintariek gertatuaren larritasun eta arrisku mailarik goreneko istriputzat hartzeko unea dela dio taldeak.

Ekologistaren iritziz, Estatuko Erantzun Plana martxan jartzea erabat beharrezkoa da. Grande Americak 2.200 tona fuel zeramatzan eta ehunka tona azido kloridrikoa, olioa, erretxina, fungizida eta beste hainbat sustantzia kutsagarri. Gehiena itsasontzia erre zenean isuri zen, eta besteak milaka metrotara daude itsas sakonean.

Alabaina, aurreko katastrofeetan gertatu bezala, itsasontziak pixkanaka fuela isurtzeko proportzioa oso handia da. Horregatik, Ekologistak Martxanek eskatzen du ikerketa eta zigor espedienteak ireki daitezela lehenbailehen. Eneko Aierbe, Ekologistak Martxaneko itsas saileko koordinatzailearen hitzetan “itsas ingurunearen baloreak eta beraiei lotutako jarduera ekonomikoen egoera berreskuratzea ezinbestekoa da”.