argia.eus
INPRIMATU
Graduz aldatzeko aukera ukatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak preso bati lehenengo aldiz
  • Auzitegi Nazionalak bigarren gradurako aldaketa ukatu dio Kordobako kartzelan preso dagoen pertsona bati, eta lehenengo graduan mantendu du.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 19a

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) iaz egindako hausnarketaren ostean, presoek erabaki zuten legeei jarraiki bere egoera hobetzeko saiakerak egitea, eta askok gradu aldaketa eskatu zuten. Espainiako Espetxe Zaintzako Idazkaritza Nagusira jo dute, baina honek eskaera ugari ukatu ditu. Berriak jaso duenez, joan den martxoan 120 preso inguruk egin zituzten gradu aldaketarako eskaerak, eta horietako 54ri eskaera ukatu zioten.

Kordobako presoa lehenengoa izan da Espainiako Auzitegi Nazionalera jotzen, eta Auzitegiko Zigor Arloko 1. sekzioak graduen auziaz egindako lehen ebazpena izan da. Presoak hogei urte damazki lehenengo graduan, eta Espainiako Espetxe Zaintzako Idazkaritza Nagusiak lehenengo eta Auzitegi Nazionalak gero, ez dute eskaera onartu.

Auzitegi Nazionalak egindako autoaren arabera, “gradu aldaketa ukatzeko erabili diren argudioak izan dira: ETA erakunde terroristako kidea izatea, ez baitago deslotura frogatzen duenik, ezta biktimen erreparaziorako saiakerarik”. Gaineratu du “berrerortzeko arrisku oso handia” dagoela.

Konstituzio Auzitegiari babes helegitea aurkeztea izango litzateke hurrengo pausoa. Han ere ezezkoa jasoz gero, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia litzake azkeneko aukera.

Lehenengo graduan, presoek egunean hogei ordu ematen dituzte bakartuta, segurtasun neurri gogorren pean.