argia.eus
INPRIMATU
GPSOk berretsi du Lapurdiko AHTa “berantenik” 2032rako eraikiko dutela
  • 2023 urte bukaeran hasi nahi lituzkete obrak, eta SCNF tren konpainia eta 25 kolektibitate batzen dituen GPSO egiturak zehaztu duenez, Europak bideratu beharreko dirua jasoko du AHT bide berriaren eraikuntzak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko uztailaren 06a

GPSO egituraren zainketa kontseiluaren uztailaren 4ko batzarrean eman dira Lapurdi zeharkatuko lukeen AHTari buruzko zehaztapenak: Bordale-Tolosa eta Akize-Bordale arteko bideak "berantenik" 2032rako eraikiko dituzte. 2023 urte bukaeran hasi nahi lituzkete obrak.

Iazko urrian jakinarazi zuen Jean-Jacques Lasserre Pirineo Atlantikoetako Departamenduko presidenteak AHT egitasmoak bizirik segitzen duela. Alta, ofizialki 2018an jakinarazi zuen Frantziako Estatuko idazkari Emmanuelle Wargonek "indarrean dauden bideak hobetzea eta AHTaren berria abian jartzearen asmoa baztertzea" erabaki zuela gobernuak.

GPSOren ustez Europaren dirua jasoko dute

Makroegitasmoaren diruztatzea argitzeko ardura dauka GPSOk. Horri dagokionez, Europaren dirua jasoko dutela argitu dute bileran. "Europak jada diruztatu izan ditu GPSOren egitasmoak, eta hori ia 39,2 milioi euro arte. Eskaintza-deialdiei erantzungo diegu eta egitasmoa eraikiko dugu", Okzitaniako prefetaren hitzetan. Europak %20 finantzatu behar luke, eta irailean jakinen dugu zein den bere konpromisoa. Horrez gain, Okzitania eta Akitania-Berria eskualdeetako kolektibitateek %40 diruztatu beharko dute, eta Frantziako Estatuak %40. Euskal Hirigune Elkargoa egitasmoaren aurka dago.

Horrez gain, herritarka zerga bat sortzea ere aipatu du GPSOko zainketa kontseiluak. France Bleue Pays Basque irratiak dioenaz, urtero eta familiaka, lau euro eskatzea aipatu da, guztira, urtero 24 milioi euro jasotzeko.