Heterosexuala, zenbat aldiz entzun eta ipini dugu irakurketa ezberdinak egiteko hitz potoloen ondoan? Batzutan patriarkaturen aurretik edota normaren ondoan. Hala ere, kasu guztietan beste alde batera begiratu dugu, “hetero” misteriotsu hori zer edo nor demontre ote den jakiteko. Agian min ematen digu, patriarkatuaren aurretik jarri dugun “hetero” hori gu geu garela onartzea.
Heterosexualitateaz ari garenean ordea, ez gara jardun erotiko-afektibo konkretu baten inguruan ari (soilik), normaz ari gara. Heterosexualitatea erregimen politiko moduan ulertu behar dugu, eta nola ez, gure baitan dago, gure harremanetan, familian, praktika erotiko-afektiboetan, herriko tabernan, militantzian, koadrilan, janzkeran, estetikan, diskurtsoetan…
Heterosexuala gauza asko dira, kalea, parranda, ikurrina, bilerak… Sistema hau iraultzera goaz, hori argi, baina horretarako norma erasotu behar dugu, norma guztiak. Heterosexualitatearen mugetatik kanpo kokatzen diren bestelako identitate disidenteak eraiki behar ditugu. Hori, nola ez, hautu politiko bat da, pertsonala zein kolektiboa. Bai, heterosexuala ez izatea hautua bat da, izatea ere den moduan.
Muga horietatik kanpo kokatzen garen identitate ezberdinak ez gara beste subjektu anormal irrazionalak maitatzera kondenaturiko subjektuak bakarrik. Politikoak gara, disidenteak, arriskutsuak, errebeldeak, eroak eta promiskuoak, baita konprometituak eta militanteak ere.
Garaipenaren belaunaldia garela diogu, baina inguratzen gaituena ez ezik, gure gorputzak ere irauli behar ditugu horretarako Jolastu eta transformatu behar ditugu, mugak izerdiz umeldu, plazerrez lehertu eta nola ez, zirikatu, zirikatu eta zirikatu.
Inkomodatzera gatoz, baimen eta barkamenik eskatu gabe. Aske izateko jaio ginen, eta zernahi gara, beraz askatu gerria gazte, desheterosexualizatzera goaz eta.
Gozatu plazer ukatua, zernahi gara!
Bidali zure iritzi artikulua iritzia@argia.eus helbidera