argia.eus
INPRIMATU
Gozagarria
  • Fitxa: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Lawrence Renes. Narratzailea: Kirmen Uribe. Egitaraua: Copland, Aita Donostia, Bernstein, Barber eta Dvorák-en obrak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: Martxoaren 9a.

2012ko martxoaren 13a
Kirmen Uribe.

Proposamen interesgarria ekarri digu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hil honetako abonu kontzerturako. Mundu Berriaren binetak izeneko programak Ameriketara begiratzen du saio zertxobait programatikoa eskaintzeko asmoz, eta, nire ustez, lortzen du helburua: zerbait freskoa eskaintzea, arriskurik hartu gabe, entzuteko erraza den egitarau batekin, oso atsegina mota guztietako publikoarentzat. Horrez gain, eta modan dagoen bezala, musika eta literatura lotzen dira. Oso ondo, ba.

Aurretik esan behar da Lawrence Renes zuzendari holandarrak Euskadiko Orkestratik bere onena ateratzen jakin duela, dudarik gabe. Erritmoaren sen izugarria du Renes-ek eta lortu du –programa honetan gutxienez- doitasun erritmikoa eta honek dakarren interpretazioaren distira musikariengana transmititzen.

Pieza motzek –baina oso hunkigarriek- osatzen dute egitarauaren lehenengo zatia. Aaron Copland-en Fanfare for the Common man piezak amerikartasun kutsu handi-mandia du, eta taxuz interpretatu zuen Orkestrak. Jarraian, Aita Donostiaren harmonia leun eta orekatua aitzakia perfektua izan zen taldearen hari-sekzioa luzitzeko, oso melodiatsua. Koloretsu eta distiratsua agertu zitzaigun Leonard Bersteinen mundu sonoroa –Candideren Obertura- Lawrence Renes zuzendariaren eskutik. Bizitasuna eta txinparta, efektu anitzak lortu zituen, dudarik gabe. Eta Barber-en Adagio for Strings famatua benetan zirraragarria iritsi zitzaigun. Honen harmoniak barruraino sartu zitzaizkigun.

Bigarren zatian Dvorák-en Mundu Berriaren 9. Sinfonia ederra entzun genuen. Ze ondo lotzen ziren pasarte eta motibo guztiak Adagio-Allegro Molto mugimenduan! Tutti ederrak baina orekatuak, eta agogikaren aniztasuna izan ziren puntu azpimarragarrienetako batzuk. Oso naturala atera zen Largo, bigarren mugimendua, inongo afektaziorik gabe. Eta amaiera, “Allegro con fuoco” kementsua atera zen. Metal boteretsuak eta soka doia eta leuna nabarmendu ziren.

Kirmen Uribek irakurri zituen Bilbao-New York-Bilbao bere liburuko pasarte batzuk –oso ondo aukeratuak-, obren artean. Ideia ona, arteak uztartzea.