argia.eus
INPRIMATU
Goya sarien atzeko prekarietatea: Eneko Sagardoy langabezia kobratzen ari da
  • Aktore berri onenaren Goya saria irabazi zuen larunbatean Eneko Sagardoyk Handia filmean egindako lanagatik eta azken egunetan hedabide askotan hitz egin du, bai film horretaz, bai martxan dauzkan proiektu berriez ere. Horrek bide eman du aktorearen gaur egungo lan egoeraz aritzeko ere: une honetan langabezia kobratzen ari da.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko otsailaren 07a
Eneko Sagardoy, aktore berri onenaren Goya sariarekin.

Efe albiste agentziak eman du berria eta hedabide ugaritan agertu da: Sagardoyk asteartean Bilbon esplikatu duenez, joan den abendutik langabezia kobratzen ari da eta diru horrekin lortzen du parte hartu duen filmetako promozioaren gastuei aurre egitea.

"Ez dut batere
dramatizatu nahi nire lan egoeraz: aktoreen %80 baino gehiago gaude langabezian"

Egin duen azken pelikularen aurkezpenean eman du albistea Sagardoyk, Igor Legarreta zuzendari bilbotarraren Cuando dejes de quererme filmaren prentsaurrekoan.

Goya sariak zer ekarri dion galdetuta, aktoreak momentuz “ezer ez” erantzun du, nahiz eta “proiektu ilusionagarriak” iristen hasi zaizkiola gaineratu. Maiatzetik aurrera hasiko da horietan lanean.

Sagardoyk lau filmetan hartu du parte 2016 eta 2017an eta orain ari dira estreinatzen. Gainera, beste lau antzezlanetan ere aritu da tarte horretan: “Orain bi antzezlanekin ari naiz bira egiten eta bi filmeren estreinaldia daukat egiteko; hau da, ez dut batere dramatizatu nahi nire lan-egoeraz, izan ere, aktoreen %80 baino gehiago gaude langabezian”.

Are gehiago, aktore gazteak esan du “pribilegiatua” sentitzen dela, maiatzetik aurrera dauzkan proiektuak kontuan hartuta.

Gaineratu du bere egoeraren berri eman nahi izan duela “errealitatea” hori delako eta sariak irabazten ari den aktore baten bizitzari buruz dauden “estereotipoak” puskatu nahi dituelako.