argia.eus
INPRIMATU
Goya sariak eta esaten (ez) diren hainbat kontu
  • Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko otsailaren 10
'La Infiltrada' filmeko Luis Tosar aktorea, Carolina Yuste protagonista eta Arantxa Echevarría zuzendaria.

Euskarazko film bakarra egon bada ere Espainiako Goya sarien hautagaien artean –Betiko gaua, Eneko Sagardoyk ekoitzi duena eta Nerea Ibarzabalekin elkarlanean idatzitako gidoia duena–, euskal herritar ugarik jaso dituzte garaikurrak Granadan (Andaluzia) egin den ekitaldian.

Moriarti ekoiztetxearen Marco filmak bi garaikur eskuratu ditu: Eduard Fernándezek gizonezko aktorerik onenarena, eta makillaje eta ile-apainketa taldeak. Izan ere, Enric Marco zenaren bizitzako 30 bat urte gorpuztu ditu Fernándezek, eta itxuraldaketa hori egitea ordu luzeko lana izan da; kasuren batzuetan lau ordu eman dituzte makillajean emaitza bikain hori lortzeko.

Bestalde, sari nagusia, film luzerik onenarena, aurten estreinakoz bi pelikulari eman diote aldi berean. Sorpresa eragin du, botoa eman dezaketenak 2.400 pertsona baino gehiago direlako, eta arraroa suertatu da bi garaile irtetea. Bi filmak atzera begira eginikoak dira, gertakizun errealak oinarri dituztenak: El 47 eta La Infiltrada. Azken film horrek 1990eko hamarkadan ETAn zortzi urte infiltratuta eman zituen Espainiako polizia agente baten istorioa kontatzen du; Arantxa Echevarría bilbotarrak ekoiztu du.

Horrez gain, Alberto Iglesias konpositore donostiarrak bere hamabigarren Goya saria jaso du Alejandro Almodovarren La habitación de al lado filmeko soinu bandagatik, eta zazpigarren Goya irabazi du Portugaleteko Ivan Miñambres zinegileak, oraingo honetan Semillas de Kivu film laburragatik. Azkenik, hainbat nafar zinegile dauden Cafune animaziozko filma ere garaile izan da bere sailean.

Erakusten eta ezkutatzen diren kontuak

'Emilia Pérez' filmeko fotograma bat

Zeresana ematen ari dira hainbat pelikula azken boladan, sariak han eta hemen banatzen ari direnean, Hollywoodeko Oscarrak jomugan. Ezbairik gabe, nazioartean sona hartu duena Emilia Pérez drama musikal frantsesa da. Mexikon kokatuta dago pelikula, abokatu entzutetsu baten eta droga kartel bateko buruaren arteko erlazioa kontatzen duena. Filmak harrera beroa izan du joan den uda ostean argitaratu zenetik; tartean, Donostiako Zinemaldian ikusi zuen Eneko Atxa Landa ARGIAko kritikagileak, eta artikulu honetan kontatu zuen zergatik gustatu zitzaion filma, oraindik hitzik egiten ez zenean pelikulari buruz.

Gerora ezagutarazi da filmari buruzko hainbat kontu. Besteak beste, antza, lantaldean mexikarrik eduki gabe, eta Mexikora joan gabe, Europan grabatu zuten oso-osorik Mexikon kokatzen den filma. Estereotipoetan jausita esango genuke frantsesen kontua dela gisa horretako gauza ulergaitzak egitea, baina urtebete lehenago L’îlle rouge aurkeztu zuten Donostian eta ez da aurrekari makala: Frantziako inperioak Madagaskarren duen base militarrean kokatzen den pelikula, itxuraz The Zone of Interest-en estilokoa izan daitekeela dirudien arren, diskurtso kolonialista hedatu besterik ez du egiten.

Polemika Emilia Pérez-eko Karla Sofía Gascón aktorearen bueltan ardaztu da. Transexuala izateak izango zuen akaso zerikusirik, duela bost urte Twitterren egin zituen hainbat txio arrazistek bere karrera profesionala jomugan ipini eta polemikaz blaitu baitute bai bere eta bai filmaren Oscarrerako bidea. Filma zabaltzeaz arduratzen den Netflix multinazionalak promoziotik baztertu du aktorea. Eta, Goya sarietan egotekoa bazen ere, ez joatea erabaki zuen; Europako film onenaren saria irabazi du.

'La Infiltrada'

La Infiltrada filmaren bueltako zeresana, nazioartean batere ez, eta Espainiako Estatuan jakina ez, baina Euskal Herrian ari da hizketagaia izaten. "Gure gaztaroa kontatzen du", esan du Arantxa Echevarría bilbotarrak, filmaren zuzendariak. ETAn infiltratu zen Espainiako polizia agente gazte baten istorioa kontatzen du; Donostian dago grabatua, Alde Zaharrean oro har, apenas entzuten da euskara. EiTBk parte hartu du ekoizpenaren finantzaketan. Urtzi Urkizuk Berria-n zioen La Infiltrada-ren emaitza "manikeoa eta demagogoa dela esatea, gutxi esatea" dela.

La Infiltrada filmak argia ikusi du Espainiako Poliziak herri mugimenduetan egin dituen infiltrazioen berri gero eta ezagutza gehiago dagoenean. Urtea hasi berri den honetan Kataluniako telebista publikoak Infiltrats dokumental interesgarria eman du, eta testuinguru horretan infiltratutako polizien jardunaren kaltetuek salaketak ipini dituzte Espainiako Konstituzio Auzitegian, oinarrizko eskubideen urraketa larriak gertatu direla salatuta, polizia agenteek nortasun faltsuen pean egin dutenagatik.

Besteak beste, agente horiek etxebizitza mugimenduaren ingurumarietan infiltratu dira. Hain justu, La Infiltrada filmeko protagonistak, Carolina Yustek, emakumezko aktore onenaren Goya saria irabazi du, eta garaikurra jaso osteko diskurtsoan zera nabarmendu: "Zorteduna naiz nire alokairua ordaindu dezakedalako. Horregatik, aldarrikatzen dut pertsona guztientzat etxebizitza duina eskuragarri izatea".

'El 47'

Goya sarietako film onenaren garaikurra ex-aequo banatu da: La Infiltrada-z gain, El 47 filmak irabazi zuen. Bartzelonaren periferian dagoen Torre Baró auzoan kokatuta dago pelikula, 1960 eta 70eko hamarkadetan. Auzo txiroa da, Andaluziako eta Extremadurako etorkin ugariz osatua, haiek eraikia, metropolitik kanporatuak izan direlako. Baina zailtasunak dituzte haien etxeak eraikitzeko, eta Poliziaren partetik jazarriak dira. Baita ere, gerora, bizitzeko gutxieneko beharrizanak eskuratzeko. Autobusaren aferarekin sinbolizatuko da gatazka, hiriko 47. linearekin.

Dena dela, bere argi-ilunak ere baditu filmak. Esaterako, kritika ugari egin zaizkio borroka kolektiboa pertsona bakarrari esleitzen diolako, eta, ez hori bakarrik, ez da inongo momentuaren ere esaten pertsona hori alderdi komunistako kidea izan zela, eta langile auzo horretan zeresan handia izan zutela militante komunistek.