argia.eus
INPRIMATU
Goya saria irabazi du “Another day of life” animaziozko film dokumentalak
  • “Another day of life” (Beste egun bat bizirik) filmaren zuzendariak Raúl de la Fuente eta Amaia Remírez nafarrak dira.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 04a
Raúl de la Fuente Untzitiko bere etxean Donostiako Zinemaldia hasi baino egun batzuk lehenago. Argazkia: Dani Blanco.

Bi zuzendariek Cannes-eko Zinemaldian aurkeztu zuten animaziozko film dokumentala, eta ondoren, Donostiako Zinemaldian izan ziren. Damian Nenow animatzaile poloniarrarekin batera, 1975ean, Angolan, Ryszard Kapuściński idazle eta kazetari poloniarraren bizipenak biltzen ditu, animazioa eta irudi errealak josiz.

Raúl de la Fuente (Iruñea, 1974) kazetaria, zinema zuzendaria eta gidoigilea da. Zinema dokumentalean egin du ibilbide nagusia. Lehen filma Nomadak Tx (2006) izan zen. 2014an Goya saria irabazi zuen Minerita lanarekin. 2015ean, dokumental labur onenarentzako Oscar saria jasotzeko hautagai izan zen Minerita.

2018ko irailean, Reyes Ilintxeta kazetariak ARGIArako elkarrizketa egin zion Raúl de la Fuenteri Donostiako Zinemaldian aritu baino lehenxeago. Ilintxetak Kapuściński zergatik aukeratu zuen galdetu zion eta hala erantzun zuen zuzendariak: “Betidanik markatu nau. Bere liburu guztiak irakurri ditut eta berak animatu ninduen Afrikara bidaiatzera. Beti izan da lotura moduko bat gure artean. Txundituta utzi nau beti. Idazlea da, ez gerra kazetaria, eta askok diote XX. mendeko kronikari onena izan dela. Oso poetikoa eta sentiberatasun handikoa zen, Afrika ederki ongi ezagutzen zuen. Izugarria da nola kontatu zuen Angolaren desegituratzea, 1975ean Portugaldik banatzea lortu zuenean. Deskribatzen du nola Luanda hiria [Angolako hiriburua] eskeleto huts gelditzen den kolonoak Portugalera itzultzen direnean, nola eramaten zituzten bere gauza guztiak kaira, egurrezko kutxetan, itsasontzietan sartzeko… Beti imajinatu dut hori eleberri grafiko animatu baten gisa”.

Espainiako Zine Akademiak eman dituen sarietan beste hiru euskal herritarrek lortu dituzte Goya sariak. Arantxa Etxebarriak Zuzendari Berri Onenaren saria jaso du “Carmen y Lola” filmagatik, Josu Intxaustegik Argazkilaritza Onenari eta Clara Bilbaok Jantzirik Onenari.