Mikel Arbulu (Urretxu, 1999) goxoa.eus egitasmoko bazkideetako bat da. Euskal Herriko elikagai ekoizleen produktuak saldu eta erosleen etxeetara eramaten dituzte.
Nolatan elikadurarekiko kezka?
Amak elikadura ekologiko eta osasuntsuari garrantzia eman dio beti. Umetatik gauza batzuk noizean behin bakarrik jan behar direla irakatsi digute etxean. Kaletarra naiz, baina nire izebak ortutik ekartzen ditu barazkiak etxera. Horrek guztiak eragina izan du nire bizitzan.
Ze ikasketa egin zenituen?
Lidertza, Ekintzailetasuna eta Innobazioa gradua egin nuen. San Franciscora joan ginen eta bertako ekimenak ezagutu genituen. Han ikusitakoak hemen abian jartzea interesgarria iruditu zitzaigun eta duela urtebete, gutxi gorabehera, Federico Pacharekin elkartu ginen. Pacha gure bazkidea da eta gure egitasmoa aurrera eramaten lagundu digu.
Zeintzuk parte hartzen duzue egitasmo honetan?
Lau gara guztira: unibertsitateak ikaskideak izan garen hiru gazte eta Fede. Azken hau Orona enpresaren jangelaz arduratzen da eta lehen sektorea oso ondo ezagutzen du. Egitasmo askotan parte hartzen du eta Irizar sukaldaritza eskolako irakaslea izan da. Esperientzia handia du eta berarekin lan egitea zorte handia da. Beste bi bazkideak Aitor eibartarra eta Gorka zarauztarra dira. Ilusio eta gogo handia dugu.
Zer da zehazki eskaintzen duzuena?
Goxoa plataforma bat da. Ekoizleei orain artekoa baino salmenta kate justuagoa eta erosoagoa eskaintzen diegu. Gurekin lan egiten duten ekoizleek prezioak ezartzeko askatasun osoa dute eta gu banaketaz arduratzen gara.
Zenbat ekoizlerekin lan egiten duzue?
Dagoeneko 40 ekoizle baino gehiagorekin lan egiten dugu. Horien artean, 27 gipuzkoarrak dira.
Zer aurki daiteke goxoa.eus plataforman?
Plataforman denetik aurki daiteke: esnekiak, baratzeko produktu ekologikoak, ore amaz egindako ogia, haragi ekologikoa, Oronan bertan elikagai ekologikoekin eta modu ez industrialean egiten diren platerak… Ahalik eta eskaintza zabalena eskaintzen saiatzen gara.
Zeintzuk dira zuen bezeroak?
Gure bezeroak familiak, jatetxeak, enpresak eta ikastetxeak dira. Bertako eta garaian garaiko produktu ekologikoen kontsumoa sustatu nahi dugu. Gainera, plataforma handietan eskuragarriak ez diren produktuak eskaintzen ditugu.
Goierriko ekoizleekin ere lan egiten al duzue?
Bai. Olaberriako Behieko gaztak, Zaldibiako Euskaber arrautzak, Lazkaoko Iztueta esnekiak, Zeraingo Lumagorri oilaskoak eta Oiharte sagardoa eta Itsasoko Gorka Sasietaren haragia eros daitezke goxoa.eus plataforman.
Ekoizleak dira zuen webguneko protagonista nagusiak.
Webean enpresako bazkideon irudia ez da inon ageri. Ekoizleak dira protagonistak. Bakoitzak bere atala du eta bertan beraien lanari buruzko informazioa eskaintzen dute: nola lan egiten duten, zein filosofia duten, zein produkturekin lan egiten duten… Produktua nondik datorren eta nola egiten den jakitea oso garrantzitsua da.
Primeran jateko behar dugun guztia etxean jasotzeko aukera ematen duzue.
Gure salmenta egunak astelehena, asteartea, osteguna eta ostirala dira. Eskaera aurreko eguneko 22:00ak baino lehen egin behar da.
Zergatik komeni da bertako produktu ekologikoak erostea?
Erosketa guztiek ondorioa dute: gure dirua modu kontzientean gastatu behar dugu. Guk erabakitzen dugu ze negozio, ekoizle, elikagai… mota sustatu nahi dugun. Guk erabakitzen dugu gure inguruan ze negozio, ekoizle eta elikagai nahi ditugun.