Maiatzaren 28 eta 29 Gotzon Elizburu soraluzetarra epaituko dute beste zortzi lagunekin batera Espainiako Auzitegi Nazionalean, “terrorismoa goratzea” leporatuta. “Preso politiko” adiera edo “jo ta ke” esaldia erabili izana dira bere kontrako argudioetako batzuk.
Epaiketa dela-eta, “Gotzon libre!” dinamika jarri dute abian Soraluzen.
Gazte Danbadan egindako adierazpenak
2013ko martxoan Ernai gazte antolakundea sortu zela ospatzeko Gazte Danbada jaialdia antolatu zuten Urduñan. Elizburu Ernaiko bozeramaile zen garai hartan.
Egun horietan Xabier Lopez Peña euskal presoa hil zen Parisko Pitié-Salpêtriere ospitalean, bihotzekoak jo eta garuneko isuria jasan ostean. Ospitaleratu eta astebete pasa arte ez zen jakin bihotzekoa izan zuenik eta senideek ez zuten jakin hila zenik bisitara iritsi ziren arte.
Gazte Danbadako ekitaldi nagusiko hitz hartzean, Elizburuk senideei animoak helarazi eta espetxe politika salatu zuen, baita sakabanaketaren ondorioak, “mendeku politika” salatuz eta presoen euskal herriratzea eskatuz.
“Preso politiko” esatea delitu?
Fiskalak txostenean jaso duenez, Elizburuk “preso politiko” eta “jo ta ke” adierak erabili zituen eta horrekin “terrorismoa goratu” izana leporatzen diote.
Bi urteko kartzela zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa eskatzen diote. Berarekin batera, beste 8 kide daude inputatuta, tartean Iraitz Salegi bergararra, ekitaldiari buruz informatzeagatik –haren kasua salatzeko “Kazetaritza ez da delitua” ekimenak atxikimendu ugari jaso du–.
Gotzon Libre dinamikak manifestu bat jarri du sarean eta sinadurak biltzen ari da Soraluzeko gaztearen alde.
Informazio gehiago:
Elizburuk berak bere kasuaren berri ematen du bideo honetan.