Mendez mende biziraupenerako beharrezkoak diren ondasunen garestitzeak, edota eskasiak, matxinada eta protesta herritar ugari eragin ditu. Jende zapaldua beti egon izan da prest liskarrak eta istiluak eragiteko, oinarrizko beharrizanak asetzeko bitartekoak falta direnean. Bada, halakoei gosearen matxinadak (hunger riots) deitu izan zaie eta askotan emakumeek gidatu edo abiarazi izan dituzte. Izan ere, orduan eta orain, familia elikatzeko eta janzteko ardura haien gain erori izan da. Ondorioz, estutasunak zeudenean haiek sufritzen zituzten gehien.
Baina historialari batzuek mota honetako matxinadak protesta espontaneo, prepolitiko eta irrazionaltzat hartu izan dituzte. Gosearekin eta biziraupenarekin lotzen zirenez, kasu gehienetan ez zegoen programa politiko osaturik; ez zegoen erregimena eraldatzea proposatzen zuen aldarrikapenik.
Baina marxista britainiarren eskola historiografikoak aspaldi gainditu zuen ikuspegi hori. George Rudék aurreratu zuen bezala eta E.P. Thompsonek findu zuenaren arabera, gosearen matxinadetan parte hartzen zutenek balio sistema konplexua partekatzen zuten: bidegabea zela gutxieneko beharrizanekin, bereziki elikagaiekin, neurrigabe aberastea. Jendetzaren ekonomia morala izena jarri zioten.
Uzta txarren, izurriteen edo gerren ondorioz noizik behin eskasiak izaten ziren. Halakoetan, jauntxoek, merkatari aberatsek eta labe edo erroten jabeek egoera aberasteko baliatzen zuten. Kasu batzuetan, klase sozial apalenak gosez egon arren, elikagaiak metatzen zituzten, espekulatu eta garestiago saltzeko edo esportatu eta atzerrian saltzeko. Beste batzuetan, elikagaiak faltsutzen zituzten, batik bat ogi-irina, jangarriak ez ziren materialekin nahasita. Herritarrak gosearen goseaz matxinatzen zirenean, jendetza haserretua espekulatzaile eta iruzurgile horiengana joaten zen eta aletegiak eta biltegiak irekitzera behartzen zituzten. Baina ez ziren arpilaketa hutsak izaten. Helburua jakiak bidezko prezioan salaraztea izaten zen. Horretan datza ekonomia morala.
Istilu horiek zapaltzeko agintariek politika bikoitza erabiltzen zuten: ogia eta egurra. Alde batetik, tripa-zorriak isiltzeko neurriak hartzen zituzten, elikagaien horniketa eta bidezko prezioa ziurtatuta. Beste alde batetik, matxinadaren gidariak zigortzen zituzten. Euskal Herrian badugu eredu hori betetzen duen istilurik. Ezagunena 1766ko Matxinada izan zen. Azkoitian eta Azpeitian hasi eta Gipuzkoa osoa astindu zuten istiluek.
Arestian esan bezala, horrelakoak sarri gertakari prepolitiko eta espontaneotzat hartu izan dira; agian, hain zuzen ere, emakumeek abiarazitako protestak izan zirelako. Alabaina, hori uste dutenek mendeko subjektu subalternoei (jende zapalduari eta emakumeei) agentzia ukatzen diete. Hau da, ez diete aitortzen historian eragiteko gaitasuna.