argia.eus
INPRIMATU
Gose grebari ekin diote Amnistiaren Aldeko Mugimenduko hiru kidek
  • Gose greba mugagabea hasi dute Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko hiru lagunek abuztuaren 15ean.

ARGIA @argia 2016ko abuztuaren 16a
Abuztuaren 13an hainbat lagunek bat egin zuten Donostian Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituriko manifestazioarekin.

Horrekin batera beste hainbat ekimen ere iragarri ditu mugimenduak, Etxarri Aranatzen emandako prentsaurreko batean.  Agerraldi horretan, dei egin diete “eragile eta norbanako orori” ekimen horretan bat egiteko.

Bost exigentzia

Presoen egoera “eraman duten militantzia politikoaren ondorioa” dela baieztatu ostean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gogora ekarri ditu bere jardunean aldarrikatzen dituen bost neurri: larriki gaixo dauden presoen berehalako askatasuna, dispertsioaren amaiera, prebentziozko espetxeratze egoeran dauden preso politikoen behin behineko askatasuna, zigorraren bi heren bete dituzten presoen baldintzapeko askatasuna eta 40 urteko espetxe zigorra ezartzen duen legedia indargabetzea.

Prentsaurreko berean, Aitzol Gogortza presoari elkartasuna adierazi diote mugimenduko kideek.

Manifestazioa Donostian

Bestalde, abuztuaren 13an manifestazioa egin zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Donostian, Aste Nagusiarekin bat eginez. Bulebarretik abiatuta, martxa jendetsu batek hiriko erdialdeko kaleak zeharkatu zituen.

Zuloaga plazan amaitu zen manifestazioa eta bertan testu bat irakurri zen. Besteak beste, “zapalkuntzak dirauen bitartean” ezin dela normalizazio politiko-sozial bat eman baieztatu zuten, “Euskal Herri Langileak duela 50 urte hasiriko borroka bururaino” eramatea helburu jartzearekin batera.