argia.eus
INPRIMATU
Gose greban zegoen gazte palestinar bat hil da
  • Israelgo kartzelatan bizi dituzten baldintzak direla-eta gose greba hasi zuten ehunka preso palestinarrek duela bi aste baino gehiago. 30 urteko Mazan al Maghrebi gaur hil da borroka horrekiko elkartasuna adierazten ari zela, Telesurrek azaldu duenez.

ARGIA @argia 2017ko maiatzaren 04a

Palestinar gaztea gose greban jarri zen beste herritar asko bezala borroka bera daramaten preso palestinarrekiko elkartasuna adierazteko. Hainbat hedabidek Saba albiste agentzia yemendarra aipatuz azaldu dutenez, giltzurruneko arazo bat medio hil da Ramallah hiriko bere etxean.

Apirilaren 17an hasi zuten protesta preso palestinarrek, eta milatik gora dira gose greban daudenak, Ofer presondegian bakarrik 800 dira. Margan Barghouti preso karismatikoaren borrokarako deialdiak erantzun zabala izan du bere kideen artean. Instalazio kaskarrak eta bizi-baldintza eskasak salatzen dituzte, besteak beste eta bisiten erregimenean hobekuntzak, osasun zerbitzu hobeak eta beste hainbat eskaera egin dituzte.

Azaldu dutenez, gose greba hau "azken hamar urteetan egin direnen oso ezberdina" izango da. Eta hala dirudi, halako borroka batengatik azken urteetan gertaturiko lehen heriotza ekarri baitu.

Erreakzioak:

Palestinar gaztearen heriotza gertatu eta berehala Sinn Fein alderdiko bozeramaile Sean Crowek bere "atsekabea" azaldu du eta egoeraren larritasuna nabarmendu du, hainbat preso jasaten ari diren osasun kaltea dela-eta: "Irlandako gobernuak ezin du espektadore soil bezala jokatu", esan du Crowek. Irlanda Iparraldea munduko gose greba gogorrenetakoen agerleku izan da iraganean.

Komite Internazionalistak, bestlade, bilkura egingo du Bilbon ostiralean, arratsaldeko 19:00etan Arriaga Plazan, gazte palestinarraren heriotza salatu eta gose greban dauden beste milarekiko elkartasuna adierazteko.