Dàvid Grosclaude kazetari eta Akitaniako kontseilaria gose greban dago okzitanierak jasaten dituen “etengabeko” erasoak salatzeko. Frantziako Estatuak hizkuntzaren gainean duen jarrera agerian utzi nahi du. Hala jaso du nationalia.info agerkari digitalak.
Ekintza hau euren hizkuntzaren “aitorpenarekiko duten konpromisoaren erakusgarria” dela azaldu du Grousclaudek: “Estatuaren partez gure hizkuntzak jasotzen dituen mespretxuak etengabekoak eta gero eta ugariagoak dira. Horrek neurriak hartzera behartu nau”.
Okzitanieraren Bulego Publikoaren eraketa proiektuaz mintzo da kazetaria: “Estatuaren utzikeria salatu nahi dut. 2014ko ekainean Akitaniako eta Midi-Pyrénées departamentuetako biltzarretan onartutako proiektua geldituta dago”. Proiektu honek okzitaniera sustatzeko politikak aurrera eramatea eta hizkuntza bera garatzea ditu helburu .
Kontseilari bezala denbora gutxi geratzen zaion honetan, egoera honi erantzun bat ematea “beharrezkoa” dela dio. Departamentuko hizkuntz bezala izendatutakoen aurrean Frantziak “aurrera eramaten duen blokeoa” errepikatzen dela salatu du Akitaniako kontseilariak: “Estatuari eta bereziki bere zerbitzu zentralei egoera konpontzeko deia luzatzen diet”.
Okzitaniera Frantziar estatuan, Loira ibaitik hegoaldera; Italiako Alpeetako zenbait bailara, eta aranera aldaera berezian, Araneko haranean Katalunian hitz egiten den hizkuntz gutxitua da. Grimesek 2.000 urtean egindako ikerketaren arabera, okzitanierak 758.000 hiztun ditu. Hori dela eta, Unescok desagertzear dauden hizkuntzen zerrendan sartu du ofiziala ez den hizkuntz hau.