argia.eus
INPRIMATU
Gose greban, Espainiako Estatuak indarkeria matxistaren krisi mahaia osa dezan
  • Madrilgo Puerta del Solen Ve-la luz elkarteko zortzi emakumek Espainiako kaleetako odol isuria gelditzea eskatu dute.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2017ko otsailaren 14a
Otsailaren 9tik gose greban daude Madrilgo Puerta del Solen. Argazkia: @VelaluzGalicia

Espainiako Estatua genero indarkeriaren aurkako estatu ituna adostu nahian dabil eta parlamentuko azpibatzorde bat horretan ari da lanean. Azpibatzorde horretako kide da Joseba Agirretxe EAJko diputatua eta Maite Artolak Euskadi Irratian elkarrizketa egin dio estatu itunaz eta Puerta del Soleko emakumeen aldarrikapenaz.

Agirretxek adierazi duenez, orain arte egindakoak balio izan duen ala ez aztertu behar dute azpibatzordean, ea legeak huts egin duen ala ez. Zoritxarrez, heriotzek etengabe segitzen dutela esan du (2017an hamar eraildako) eta gainera heriotzak izebergaren punta baino ez direla. Artolak galdetu dio ea orain artekoa porrota izan den. Agirretxek ez dakiela hala esaterik dagoen eta hasierako ideia errepikatu du: “Ikusi behar dugu zertan ez duen funtzionatu orain arte egindako lanak, baldin eta ez badu funtzionatu. Aztertu behar dugu zer egin behar dugun prebentzioan, osasunean, justizian, psikologian, hezkuntzan… alor guztietan”. Artolak adierazi dio gose greban dauden zortzi emakumeek esan dutela azpibatzordearena pantomima dela eta luzamenduetan dabiltzala. Agirretxek erantzun dio ez duela uste pantomima denik eta egindako lana eraginkorra den ala ez denborak esango duela. Gehitu du EAJ ez dela asko fio estatu itunaz, EAEko eskuduntzak ukitu ditzakeelako. Agirretxeren ustez, erkidegoko administrazioa ondo ari da lan egiten eta estatuak bikoizketak eragin ditzake.

Irratiko tertulian Laura Mintegi zegoen eta hauxe esan du: “Hamar hil dituzte aurten. Eraildakoak 60 bankari, 60 futbolari edo 60 taxilari balira krisi mahaia bilduta egongo zen honezkero”.

Ve-la luz elkarte galiziarreko zortzi emakumek otsailaren 9an hasi zuten gose greba Madrilgo bihotzean eta esan dute ez dutela greba bertan behera utziko alderdi politikoek indarkeria matxistaren estatu itunean haiek proposatutako 25 puntuak onartu arte.

25 proposamen horien artean daude, feminizidioa kontzeptua onartzea, indarkeria matxistagatik zigortutako gizonek haien seme-alabekin harremanik ez izatea, eta epaiketak irauten duen bitartean emakumeen berrindartzeaz arduratzea. 25 eskaerak lotura honetan dituzue.