Pasa den apirilaren 17tik 2.000 preso poltiko palestinar inguru gose greban aurkitzen dira Israelgo kartzeletan. Atxiloketa administratiboa delakoaren aurka egiten dute protesta. Hari esker Israelek epaiketarik egin gabe ere susmagarri bat sei hilabetez eduki dezake hasiera batean kartzelan, baina epe hori nahi bezainbeste luzatzen du. Gutxienez bi presok 77 egun daramate jan gabe eta osasun egoera larrian aurkitzen dira, preso palestinarren eskubideen aldeko Addameer elkarteak jakinarazi duenez. Azken egunetan egoera honi konponbidea emateko presioak jasotzen ari da Israel.
Ekilade Ertainean ordezkaritza lanak egiten ari den Tony Blairrek esaterako, egoera hau ekiditeko neurriak hartzeko eskatu dio Israeli. "Zonaldearen egonkortasun eta segurtasuna mehatxatu dezakeen egoera tragikoa prebenitzeko beharrezkoak diren neurriak hartu behar ditu Israelek", ohartarazi du Erresuma Batuko lehen ministro ohiak.
Mahmoud Abbas Palestinako presidenteak ere egoeraren larritasuna azpimarratu eta Hillary Clinton AEBetako gobernuko estatu idazkariari esku hartzeko eskatu dio. "Norbait hiltzen bada hondamena izango da eta inork ezin izango du egoera kontrolpean eduki", adierazi du.
Jamal Zahalka Israelgo parlamentuko legebiltzarkidearen iritziz, presoren baten heriotzak "hirugarren intifada piztuko luke".