argia.eus
INPRIMATU
Gose greban darama azken hilabetea Greziako anarkista batek
  • Gose greban dago pasa den ekainaren 4tik, Kostas Sakkas anarkista greziarra. Espetxeratze prebentiboan dago, eta auzirik gabe legez egon daitekeen denbora pasata, gose greba hasi du.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 10
Kostas Sakkas anarkistaren askatasuna eskatzen duen kartela.

2010eko abenduan atxilotu zuten Atenasen. Armak edukitzea eta talde terrorista bateko kide izatea egotzita sartu zuten kartzelan.

Hemezortzi hilabetez egon daiteke gehienez espetxeratze prebentiboan Grezian. Epe hori betetzear zela, ordea, CCF (Suzko Zelulen Konspirazioa) talde terroristako kide izatea egotzita luzatu zioten auzirik gabe preso egotearen denbora. Kasu honetan, legez, gehienez ere beste hamabi hilabete pasa daitezke egoera prebentiboan gatibu.

CCF taldeak ez dauka odol deliturik. Estatuaren kontrako zenbait ekintza hartu ditu bere gain.

Orain hilabete bukatu da lehenengo hemezortzi hilabeteez gain luzatu zioten urte betea, eta egoera berdinean jarraitzen duenez, gose greba hasi du Kostas Sakkasek.

Hilabeteren bueltan, uztailaren 5ean, manifestazio bat egin zuten Sakkas ingresatuta  dagoen Nikaiako (Atenas ingurua) ospitalera.

Sare sozialetan ere oihartzuna izaten ari den gaia da. #free_Sakkas etiketarekin presoa askatzearen aldeko mezuak ari dira Twitter-en zabaltzen.