argia.eus
INPRIMATU
Gose greban dagoen Iñaki Bilbao ‘Txikito’ presoa erietxera eraman dute
  • Abuztuaren 6an hasi zuen gose eta komunikazio greba, Euskal Herriarentzako independentzia eta sozialismoa aldarrikatuz. Ez da lehen aldia borroka bide honen hautua egiten duela. "Muturreko alarma egoeran" dela jakinarazi zuen atzo Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak agiri bidez.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 26a

Abuztuaren 6an abiatu zuen beste behin ere gose greba Iñaki Bilbao 'Txikito' presoak. Gose grebaz gain, komunikazio greban ere dabil. Ez da lehen aldia borroka bide hau hartzen duela presoak eta aldi honetan ere helburu berari segi dabil: "independentzia eta sozialismoa euskal langileriarentzat eta Euskal Herriarentzat".

Osasun egoera okerturik, aitzineko astean Salamancako ospitalera eraman zuten, bere borondatearen kontra. "Muturreko alarma egoeran" dela ohartaraziz, sostengu osoa adierazi dio Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak asteazkenean plazaraturiko agirian.

Horrez gain, mugimenduak kritikatu egin du bortxaz ospitaleratu izana: "Gose greban dauden euskal preso politikoentzat ez da berria indarrez eta euren borondatearen aurka elikatzea. Neurri honen helburua euskal presoen borondatea makurraraztea da, antzeko kasuei arreta eskaintzea, preso politiko izaera ukatzea eta baita espetxeratzeko arrazoia: Euskal Herriaren eta bere langile klasearen okupazioa eta esplotazioa".

Iazko irailean ere gose eta komunikazio greba burutu zuen, orotara 50 egunez, bortxaz ospitaleratu arte. Azaroan berriz gose baita egarri greba ere eginen zituen eta hor ere erietxera eraman zuten.

2002az geroztik preso

65 urte ditu Bilbao 'Txikito'-k eta azken hemeretzi urteak preso pasa ditu. Gaurko egunean Topasen dago preso, Euskal Herritik 460 kilometrora. Hain zuzen, Espainiako Espetxe Erakundeek uztailaren 1ean jakinarazi zuten haren hurbilketa, ordura arte Puerto de Santamarian baitzegoen, Euskal Herritik mila kilometrora.