Hisham Abu Hawwash inolako kargurik egotzi gabe eta epaiketarik gabe, denbora mugagabez atxilo zeukan Israelek. Asteartean jakinarazi du 141 egun luzatua zen gose greba amaitu duela, Israelekin adostasunera iritsi ostean: otsailaren 26an askatuko dute. Garaipena ospatu dute palestinar ugarik. Orotara 4.500 preso politiko palestinar daude Israelgo espetxeetn gatibu, horietatik 500 espetxealdi administratiboan.
Israelen espetxealdi administratiboa deiturikoan gatibu zuten preso palestinar batek –bere aurkako karguak zein ziren jakin gabe eta epaiketarik gabe denbora mugagabez preso– 141 egunez egin duen gose greba amaitzea erabaki duela jakinarazi du bere abokatuak. Middle East Eye hedabidean irakur daitekeenez, 40 urteko gizasemea datorren hilabetean askatzea onartu du Israelek.
Hisham Aby Hawwash azken aldian espetxealdi administratiboen aurka gose greba abiatu duten preso palestinarretako bat da. Preso administratibo deiturikoei ez zaie jakinarazten zer egozten dieten eta ez dakite noiz arte egongo diren preso, Israelgo legediak ez baitu mugarik ezartzen.
Azken asteetan mobilizazioak indartzen ari ziren Abu Hawwash babesteko Zisjordanian eta Gazan. Palestinako Jihad Islamikoak mehatxua egina zuen, preso hau hiltzen bazen, erasoak abiatuko zituztela esanez.
Abuztuan abiatu zuen gose greba eta azken hilabetea ospitalean egin du, koma egoeran sartu eta atereaz, Al Jazeeran irakur daitekeenez. Hedabide palestinarrek informatu dute ikusmena eta hitz egiteko gaitasuna galdua zuela.
Gose greba hau izan da preso palestinar batek egin duen luzeena, 2013an Samer Issawik zortzi hilabetez luzatu zena egin ostean.
Presoen eskubideen alde lanean ari den Addameer eragile palestinarrak salatu du Israelek areagotu egin duela azken aldian espetxealdi administratiboen erabilera, eta hori borrokatzeko abiatu dutela hainbat preso palestinarrek gose greba.
1.600 palestinar atxilotu zituzten espetxealdi administratibopean 2021ean bakarrik. Addameer elkartearen datuen arabera, orotara 4.500 dira preso politiko palestinarrak eta horietatik 500 preso dauzkate jakin gabe noiz arte edukiko dituzten hala, zergatik dauden atxilotuta eta epaiketarik gabe. Elkarte honen abokatu Milena Ansarirekin mintzatu dira Al Jazeeran eta honek ospatu egin du Abu Hawwashen garaipena. "Hala ere, ez da justua ez momentuan bertan askatzea", deitoratu du.
Gertaera hau dator, preso palestinarrek jakinarazi berritan Israelgo epaitegiei boikota egingo dietela.