argia.eus
INPRIMATU
Klima larrialdiaren aurkako nazioarteko gose greba iragarri dute azaroaren 18an
  • Extinction Rebellion mugimenduak deituriko gose greba da, gobernuak klima larrialdiaren inguruan hitz egiteko batzartu ezean, beteko dutena.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko azaroaren 14a
Irudia: Extinction Rebellion

Datorren azaroaren 18an munduko 22 herrialdetan gose greba egitera deitu du Extinction Rebellion klima larrialdiaren aurkako mugimendu ekologistak. Dagoeneko ehunka pertsonak eman dute izena eta erabaki astebeteko grebaldia egingo dutela, Extinction Rebellionek webgunean argitaratu duenaren arabera.

Erresuma Batuan, plataformaren bertako taldeak politikariei gutunak helaraziko dizkie, larrialdiaren inguruan batzartzeko eskaera eginez. Gutun horiei ez badiete erantzunik ematen, gose grebara batuko direla jakinarazi dute. Extinction Rebellionek ohartarazi du: "Gizartearen gain dagoen krisi ekologikoari aurre egiteko denbora ia guztiz agortu da". Azaroaren 18ko gose grebaz gain, hilabete bereko 29an greba egiteko asmoa ere azaldu dute.