argia.eus
INPRIMATU
Gose greba utzi dute Bruselako 450 papergabeek, 60 egunen buruan
  • Egonaldi baimena lortzeko abiatu zuten gose greba maiatzaren 23an 456 etorkinek. Belgikako Gobernuaren partetik eskaerari erantzuteko postura sentiturik, gose greba uzteko erabakia hartu dute papergabeek. "Garaipen ttipitzat" jo dute lorpena, argi ukanki hala ere prozedura administratiboa bukatu arte "adi" segitu beharko dutela.

ARGIA @argia Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko uztailaren 22a
Osasunez oso ahul dira mobilizaturiko etorkin hauek(argazkia: Infomigrants)

Duela 60 egun Bruselan 456 papergabeek hasitako gose grebari bukaera ematea erabaki dute. Belgikako Gobernuak "luzatu eskua" kontutan harturik, haien eskaerari baikorki erantzungo zaiola espero dute. Hain zuzen, "epe luzeko finkatzea" edota bakar batzuentzat "nazioarteko babesa" proposatuko zaiela jakinarazi die Belgikako Gobernuak. Uztailaren 16an egarri greba abiatu zuten ere papergabe batzuk, presioa areagotzeko helburuari segi. "Garaipen ttipi" gisa baloratu du lorpena USPR Papergabeen Erregulartzearen Aldeko Batasuna izeneko kolektiboak, argi utziz adi segituko beharko dutela, "borroka ez delako oraindik irabazia".

Bruselako San Joan Bataiatzailearen elizan eta Unibertsitate Askeko (ULB) bi campusetan eta Vrije Unibertsitatean (VUB) ziren mobilizaturik.

"Xantaia" Lehen ministroaren arabera

Alexander De Croo Lehen ministroak baikorki baloratu du erabakia, zehatzuz gobernu batek inoiz ez duela "xantaia" onartzen ahal. Gobernuaren erantzun itxaropentsu hau etorri bitartean bi hilabete pasa dira, eta papergabeen osasunari dagokionez, egoera biziki larrian dira anitz.

Hilabete hastapenean, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) giza eskubideen eta muturreko pobreziaren arduradun Olivier De Schutterrek grebalariekin egon zen, eta NBEko migratzaileen giza eskubideen arduradun Felipe Gonzalezek gutuna helarazi zion Sammy Mahdi Belgikako Gobernuko Asilo eta Migrazio idazkariari.

Bestela ezin, egoera larrian dira mobilizaturikoak: papergabe izanki, segurtasun ezean eta bizi baldintza biziki txar eta prekarioan dira. Infomigrants taldeak ohartarazten duenez, horren froga ditugu jada gose greba aitzin hauetariko batzuk suizidio saiakerak egin izana edota protesta gisa haien ezpainak josi izana. Asko aspalditik dira Belgikan –batzuk hogei urte– eta hala eta guztiz ere, papergabe izaten segitzen dute, ia eskubiderik gabe.