argia.eus
INPRIMATU
Venezuelan atxilotuta dagoen Asier Guridi iheslariak gose greba utzi du
  • 15 egun eman ditu Asier Guridik gose greban, atxiloaldiaren baldintzak hobe diezaizkioten aldarrikatzeko. Venezuelako poliziek hartu zuten atxilo, Espainiak eskatu ostean.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko azaroaren 22a
Asier Guridiren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea.

Venezuelako Gobernuak atxiloaldiko baldintzak hobetu dizkiolako utzi du gose greba.

Herrialdeko gizarte eragileek salatu dutenez, egoera “kaxkarrean” eduki dute presoa. Diotenez, egunean bost minutu baino ez zizkioten ematen komunera joateko eta dutxatzeko, eta ziegako argia piztuta uzten zioten egun osoan. Ondorioz, osasun arazoak izan ditu.

Herrien arteko hainbat elkartasun taldek eskatzen dute presoa Venezuelan bertan uzteko. Haien hitzetan, Guridik “jazarpen politikoaren ondorioz” egin zuen alde Euskal Herritik. Gogorarazi dutenez, Venezuelak ez ditu preso politikoak jatorrizko herrialdera bueltatzen. Ondorioz, askatzeko exijitu dute, eta atxikimendu bilketa hasi dute interneten.

Caracasen dago egun preso, Venezuelako Inteligentzia Zerbitzuaren egoitzan. Orain, Espainiako estatura bidali dezakete segurtasun indarrek, baina Espainiak ez du oraindik estradizio agindua bidali.

Pakito Arriaran Herrien Arteko Elkartasun Fundazioak babesa adierazi dio Guridiri. Fundazioaren webgunean, iheslaria haren herriaren alde egindako “borrokarengatik” atxilotu dutela salatu, eta “kausa zilegi baten alde” aritu dela gogoratu dute. Horregatik, Guridi ez Espainiaratzeko dei egin diote Venezuelari.