argia.eus
INPRIMATU
Gose greba mugagabea hasi dute Miasako langileek, enpresak negoziatzeari uko egin ostean
  • Iruñeko Landabenen dagoen Miasa automozioko bost langile baraualdian dira, enpresak lan baldintzak kaskartu nahi dituela salatzeko. “Egiazko aldaketa sozial baten alde ari gara borrokan”, diote.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko irailaren 11
Protesta zabalik dago eta baliteke langile gehiago batzea datozen egunetan (arg: LAB Nafarroa)

Abuztuaren 31n Miasako langileek greba hasi zuten, enpresak eutsi egiten ziolako lan baldintzak aldatzeko proposamen “onartezinari”. Miasako zuzendaritzak soldatak asko murriztu eta langileek lan gehiago egin dezatela nahi du.

Bi asteotan ez atzera ez aurrera ibili dira. Horrela kontatu dio Info7 irratiari Ion Garaioa LABeko ordezkari eta gose greban dagoen kideak: “Blokeo egoera batean gaude, enpresak ez du sartu nahi negoziatzera, soldatak segurtatuko dituen epe luzerako proiektu industriala eskaintzen diogu, baina ez du sartu nahi greba bertan behera utzi arte”. 

Langileek ordea, bermerik gabe ez dute greba utziko. Areago, ostegun arratsaldean gose greba mugagabeari ekin zioten lantaldeko bost lagunek. Garaioaren esanetan, gainera, protesta zabalik dago eta baliteke langile gehiago batzea datozen egunetan.

Asteazkenean errepidea moztu zuten euren egoera salatzeko eta bertan kateatuta egon ziren poliziak bota arte.

“Hau ez da Miasaren kontra, harago doa”

Langileek Nafarroako jendartearen babesa eskatu dute eta Nafarroan eman den aldaketa politikoa “jendartean ere islatu” dadila. Honela azaldu du Garaioak: “Eman lezake Miasaren kontrako zerbait ari garela aldarrikatzen, baina hau harago doa, gaur gu gaude baina bihar auzokoa izan liteke. Egiazko aldaketa sozial baten alde ari gara borrokan”.

Datorren irailaren 16an Nafarroako Parlamentuan izango dira enpresa batzordeko ordezkariak, Miasako langileen egoera azaldu asmoz.