argia.eus
INPRIMATU
Gose greba hasi dute lau lagunek Ondarroan, Patxi Ruiz presoari elkartasuna adierazteko
  • Patxi Ruiz preso politiko iruindarraren egoera salatu eta elkartasuna adieraztekoo gose greba hasi dute lau lagunek Ondarroan. Presoak Murtzia II espetxean jarraitzen du astelehenetik hasitako gose eta egarri grebarekin.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 15
Lau lagun gose greban jarri dira Ondarroan (arg.. Hitza)

Ostegunean gose grebari ekin diote Ondarroako lau lagunek Patxi Ruiz euskal presoari elkartasuna adierazteko. Arratsaldeko 15:00etan hasi dute ekintza, Udaletxeko Areto Nagusian.

"Kalean ibiltzeko dauzkagun ezintasunen ondorioz, protesta leku itxi batean egitea pentsatu dugu. Alarma egoera honetan mobilizatzea ez da batere erraza, baina presoek bizi duten egoera gogorraren aurrean ahal den neurrian kanpotik ere laguntza eman behar diegula argi ikusten dugu", adierazi diote grebalariek Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ri.

Mobilizazioak ere deitu dituzte,larunbata honetan  Ondarroako Alamedan elkarretaratuko dira 20:00etan, "segurtasun neurri zorrotzak bermatuta". Horrez gain, Murtziako kartzelako zuzendariari "mezu bidalketa masiboa" egitea ere proposatu dute.

Zenbait elkartasun keinu

Ez da Txantreako presoarekiko elkartasunez hasitako lehen gose greba. Maiatzaren 12an Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako hainbat kidek gose grebari ekin zioten "Bizkaiko lokal itxi batean", arrazoi berberengatik.

Bere jaioterrian ere, Txantrean, adierazi diote elkartasuna. Ostegunean, Ezkaba plazan bildu dira auzotar andana Patxiri elkartasuna adierazteko gose eta egarri grebaren laugarren egunean.

Ruizek aste osoa darama gose eta egarri greban, Covid-19ak sorturiko egoeragatik protestatu ondoren Murtzia II espetxeko funtzionari eta arduradunen partetik jasandako mehatxuak eta tratua salatzeko.