Joan den ostiralean jakinarazi zioten beste preso batekin partekatu beharko zuela zelda, Valentziako Dueñas espetxetik Arabakora ekarri berritan. Uko egin zion, eta bakartuta dago ordutik.
Gose greba hasi du asteazkenean Garikoitz Etxeberria euskal preso lizartzarrak. 2007an atxilotu zuten eta Espaniako Auzitegi Nazionalak 27 urteko kartzela zigorra ezarri zion 2009an. Pasa den ostiralean lekualdatu zuten Valentziako Dueñaseko espetxetik Zaballara, eta orduan eman zuten amaitutzat euskal presoen sakabanaketa politika Etxerat eta Sare Herritarrak elkarteek.
Zaballan jakinarazi zioten Etxeberriari ziega beste preso batekin partekatu beharko zuela: "Uko egin nion bikoizteari, eta, ondorioz bakartze egoeran naukate ostiral iluntzetik", azaldu du Berria-k argitaratutako audioan. Gehitu du preso ororen eskubidetzat duela ziegan bakarrik zein binaka bizitzeko hautua, espetxeak bata zein bestea inposatu gabe.
Hasiera batean "patio greba" hasi zuen preso lizartzarrak protesta gisa, baina "konponbide arrastorik" ikusi ez duenez, gose grebari ekin dio, bakartze egoeratik atera eta kideekin elkar dezatela eskatuz.