argia.eus
INPRIMATU
Espainia “gorrotoa ereiteko paradisua” dela dio Israelgo Gobernuak
  • Asteburuan Espainiako Estatuko hiri ugaritan egindako mobilizazioen harira, Israelgo Atzerri Gaietarako Ministerioak eta Israelen Espainiako Enbaxadak "terrorismoa goraipatzea" egotzi diote Espainiari.

Leire Ibar 2024ko urriaren 07a
Urriaren 5eko Bilboko mobilizazioa. Ecuador Etxea

Espainiako Estatuko 40 hiritan baino gehiagotan mobilizazio jendetsuak egin dituzte asteburuan –Bilbon eta Iruñean barne –. Milaka izan dira urriaren 5ean eta 6an Palestinari babesa ematera kalera atera direnak. Protesta hauek direla eta, Israelgo Atzerriko Ministerioak adierazi du "onartezina" dela  gizarte demokratiko batean "terrorismoa goraipatzea ahalbidetzea" eta Espainia "Israelen gorrotoa ereiteko eta beraren suntsipena bultzatzeko paradisu" bihurtu dela.

Astelehen honetan bertan, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak esan du Israelen akusazioa "lekuz kanpo" dagoela. Eta gerraren aurkako protestaren batean antisemitismoa egon dela uste bada, Fiskaltzaren aurrean gorroto-delitu gisa aurkezteko eskatu du.

Palestinarekin Elkartasuna Plataformak egin zuen Bilboko mobilizazio deialdia. Palestinar erresistentziaren alde eta Israelgo Estatu Sionistaren aurka egindako manifestazioan, babesa adierazi zieten "munstro sionistaren kontra borrokan ari diren guztiei". Palestinar erresistentzia babestu edo Israel eta bere konplizeei aurre egin bezalako leloak entzu dira urriaren bostean Bilboko eta Iruñako kaleetan zehar. Palestinako genozidioa gelditzea eta Gobernuak Israelekin duen harreman oro etetea exijitu dute. Goizean Bilbokoa egin eta arratsaldeko 18:00etan Iruñean hasi zen manifestazioa. Genozidio bat, 76 urteko erresistentzia pankartaren atzean bildu zen hamar milatik gorako jende multzoa.