argia.eus
INPRIMATU
Analisia
‘Brandalism’ ekintza arrakastatsu bat Ertzaintzaren 40. urteurrenari hasiera emateko
  • Donostia publizitatez josteko darabiltzaten zenbait markesina zabaldu eta publizitateak aldatu dituztela jakin da larunbat goizean. Ez da lehen aldia. Oraingoan, herritarrak ertzain edo udaltzain izan daitezen Jaurlaritza eta Eudel egiten ari diren kanpainaren bestelako bertsioak paratu dituzte puntu ugaritan, udaletxearen alboan dagoena eta oso kontrolatuta egoten dena barne: touché. Bi agente elkarri irribarretsu begira erakutsi beharrean Zatoz euskal poliziara lelopean, Ertzaintzak azken urteetan egin dituen operazio bortitzen argazkiak daramatzate.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko urtarrilaren 31
Afixa trukatuak Donostiako erdialdean. (Argazkia: Dani Blanco)

Orduak egin dituzte jarrita kartel hauetako askok, zenbait erabiltzailek sarean nabarmendu dutenez, eta kazetari honek larunbat eguerdian ikusi zuenez, seko harrituta geratzen zen herritar asko iragarkiari begira, zer pentsatu jakin gabe bezala. Denok ikusi dugu Ertzaintzaren biolentzia, baina publizitatea egiteko bezain harro erakusten al du orain Jaurlaritzak? Egiazkoak ala gezurrezkoak izango al dira?

Sarean pixka bat zabaldu denean, Ertzaintzaren Esan sindikatuak lehenik eta Jaurlaritzako segurtasun sailburu Josu Erkorekak ondoren, milaka lagunengana heltzeko falta zuten bultzada eman diote kanpainari. Esanek gaztelania hutsean idatzitako komunikatuan “kanpaina koldar horren arduradunen aurka” egiteko eskatu du –kanpaina “oso zaindua” dela eta “gutxitan ikusten den kopiagintza maila” nabarmenduz–, eta Ernek astelehen goizean ere egileen aurka egiteko eskatu du, honek ere gaztelania hutsean.

Zerk adierazten du baina gorrotoa?

“Gorrotoa adierazten duten argazkiak. Iraganean ainguratuta jarraitzen dutenen argazkiak”. Horixe idatzi zuen Josu Erkoreka segurtasun sailburuak sare sozialetan larunbatean bertan, bi markesinaren argazkiak erakutsiz eta Ertzaintzan izen emateko kanpainaren arrakasta nabarmenduz.

Argazki horietan ikusten dena, ordea, ez da iraganeko kontua. Ertzaintzak egin operazioen argazki batzuk dira, herritarrok azken urteotan hedabideotan ikusteko parada izan dugunak. Hor manipulaziorik ez da. Gainera, argazkietan ikusten diren jarduera horietako asko Jaurlaritzak berak txalotuak dira. Horrez gain, gorrotoa zerk adierazten duen pixka bat zehaztu dezala galde dakioke sailburuari. Imajinatzen dugu ez dela ari protesta baketsuan ari den herritarra jipoitzen duen agenteak senti dezakeen gorrotoaz. Irudi horiek besterik gabe erakusteak gorrotoa adierazten badu, prentsan ere argazki horiek erakusteak gorrotoa adierazten duen galde geniezaioke.

Herritar bat afixa trukatuari begira. (Argazkia: Dani Blanco)

Kartel hauek jarri dituzten herritarren aurka egingo dutela iragarri du Erkorekak. Hori esateko ez du egun onena hautatu, ordea. Larunbatean informatu baitu Naizek Jaurlaritzak Ernairen aurka irekitako kausa abuztuan artxibatu ziotela epaitegiek. '"Egin zaitez artzain, ez ertzain” kanpainagatik, “Gorroto delituak” egotzi nahi izan zizkioten gazte antolakundeari. Bide batez esateko, gizartean gutxiengo zaurgarriak babesteko sortutako figura Poliziaren mesedetan erabiltzea eskuin muturraren estrategia da. Hala ere, ez du inolako biderik egin epaitegietan eta zail da irudikatzea oraingo honek egingo lukeenik.

Esaldi iraingarririk erabili gabe, Ertzaintzaren beste aurpegia erakutsi nahi izan duten ekintzaileak pozarren egongo dira sei kartelekin izan duten oihartzun zabalagatik. Agintariek horretan eman dieten laguntzarekin ere oso eskertuta egongo dira.

Honenbestez, esan dezakegu hasi dela Ertzaintzaren 40. urteurrena, Brandalism ekintza arrakastatsu batekin hasi ere.