argia.eus
INPRIMATU
Gorriz margotu dute Iruñeko Erorien Monumentua, ‘Caídos eraitsi’ eta ‘Faxismoaren aurka lehen lerrora’ aldarripean
  • Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.

Julene Flamarique 2025eko urtarrilaren 22a
Erorien monumentuko fatxada nagusia gorriz margoturik asteazken goizean Gedar

Iruñeko Erorien Monumentua gorriz margotuta agertu da asteazken goizean, eraikinaren eraistearen aldeko eta faxismoaren kontrako pintaketekin. Ate nagusia, bertako zutabeak, paretak eta eskailerak gorriz margotu dituzte, eta Caídos eraitsi nahiz Faxismoaren aurka lehen lerrora idatzi dute alboetako paretetan. Auzokideek azaldu dutenez, bart egin dituzte margoketak, astearte arrastian ez baitzegoen pintaketarik.

Urtarrilaren 25ean Gazte Koordinadora Sozialistak Euskal Herrian agenda belizistaren eta faxismoaren normalizazioaren kontra antolatu dituen manifestazioekin bat egiten du aldarrikapenak. Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora! lelopean egingo dute mobilizazioa.

Eraistea eskatzeko mobilizazioa larunbatean

Urtarrilaren 18an, larunbatean, 3.000 lagunek Erorien Monumentuaren esanahi berria gaitzesteko eta eraistea galdegiteko manifestazioa egin zuten Iruñean, Caídos eraitsi orain lelopean. 33 elkarte memorialistak eta hainbat kolektibok deitu zuten mobilizaziora, eta PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik eraikina zutik mantentzeko egindako akordioa “nahikoa ez dela” kritikatu zuten.

Mugimenduaren bozeramaile den Koldo Amatriak nabarmendu zuen duela urte bat hasi zela eraikinaren eraistea eskatzeko borroka, eta kolektiboak “fededun daudela” helburua erdiesteko. Yolanda Ansó eledunak ere monumentua eraitsi egin behar dela azpimarratu zuen, are gehiago Francoren heriotzaren 50. urteurrenean. “Opari handia izango litzateke herritarrentzat; legeak gizakienak dira eta alda daitezke”, adierazi zuen, eta PSN, EH Bildu eta Geroa Bairi “erabakia zuzentzeko” eskatu zien.

Koldo Amatria eledunak gogoratu zuen eraikinak “frankismoaren ikur izaten jarraitzen duela, nahiz eta elementurik ikusgarrienak kendu”. Azaldu zuenez, duela 20 urte bere kanpoaldea estali eta erakusketa areto bihurtu zen, "baina inork ez du horrela ezagutzen", arazoa eraikina bera delako, bere esanetan.