Usurbilen eta Ordizian egindako saioek “beharrezko udal eta foru baimenak dituztela” frogatzeko eskatu du alderdi ekologistak. Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazi dio kexa administratiboa.
Equo alderdi ekologistak “Gorriti eta bere animaliak” ikuskizuna salatu du, animaliei ematen zaien tratua dela eta. Ohar batean adierazi duenez, “txahalekin egindako sokamuturrak, basurde txikien harrapaketak edota oilarren arteko borrokak” egin ohi dituzte ikuskizun horretan. Sokamuturraren kasuan, alderdiak gogorarazi du NBEko Haurren Eskubideen Komisioak ez duela ontzat ematen haurrek halakoetan parte hartzea.
“Ezin dugu jarraitu animaliak objektu gisa erabiltzen, ezta tratu txarra ematen ere, haurrei haienganako enpatiarik eza txertatzen diegun bitartean”, adierazi dute ekologistek. Horregatik, ikuskizunak “beharrezko udal eta foru baimenak” dituen frogatzeko eskatu diote aldundiari.
“Duela 40 urte, enpresak ikusizun hauek abiarazi zituenean, ez zegoen animalien babeserako araudirik, baina gaur egun bai”, gogorarazi du alderdi ekologistak. Horregatik, gaian “esku hartzeko” eskatu die instituzioei.
Equo ez da Gorritiren saioa salatzen duen lehendabiziko eragilea; duela aste batzuk hura debekatzeko eskatu zuen Acción Para el Respeto Animal plataformak, Eusko Jaurlaritzari 59.000 sinadura aurkeztuta.