Ostalarien elkarteek helegitea aurkeztu zuten eta EAEko Auzitegiak erabaki du ostalarien eskaera behin-behinean onartzea. Denbora gehiago hartuko du auziaren muina aztertu eta ebazpena emateko. Baina Jaurlaritzak onartutako dekretua indarrean dago oraindik, eta horregatik beste murrizketa hauek bete beharko dituzte ostalariek: 20:00etan ixtea, gehienez edukieraren %50 betetzea eta zutik zein barran kontsumitu ahal izatea, besteak beste.
Gaurtik aurrera, Jaurlaritzak astean birritan berritzen duen herrien koloreak ez du eraginik izango tabernak zein jatetxeak itxi edo irekitzeko, oraingoz. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak gaur aztertu du auzia, eta erabaki du ostalariek eskatutakoa behin-behinean onartzea, argudiatuz "indarrean dauden neurriekin ostalaritza ez dela osasun publikoarentzat bereziki arriskutsua".
Ez da behin betiko erabakia, ordea; denbora gehiago hartuko du EAEko Auzitegi Nagusiak auziaren muina aztertu eta ebazpen bat emateko.
Irekiera baimendu badiete ere, ostalaritzako establezimenduek beste hainbat murrizketa bete beharko dituzte. Besteak beste, 20:00etan itxi eta 06:00etan zabaltzea, gehienez edukieraren % 50 betetzea, pertsonen artean metro eta erdiko distantzia gordetzea, gehienez lau pertsona biltzea mahai baten inguruan eta zutik edo barran ez kontsumitzea.
Bilboko Uriolak jaso ditu auzitegiaren aurrean presio egiteko egindako elkarretaratzearen irudiak:
Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak ostalaritzaren itxierari buruz emango duen epaiari presioa sartzeko elkarretaratzea abiatu dute Bizkaiko tabernariek Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean #sosostalaritza pic.twitter.com/KS23VXU8m4
— Bilboko Uriola (@uriolaeus) February 9, 2021