Etxalarko Ainara Berruetak 10 urte ditu eta gorra da jaiotzez. Landagain eskolara doa eta bertako guraso taldeak zeinu-hizkuntza ikasteko tailerrak jarri ditu martxan. Handia izan da arrakasta, bizilagunek ikasi nahi dute nola komunikatu hobeto Ainararekin. "Aniztasuna hitz polita da, baina praktikan jarri behar da".
Inplanteei esker entzumen apur bat badu ere, alde horretatik mugak ditu Ainara Berruetak, eta horregatik zeinu-hizkuntza eta ezpainen irakurketa inportanteak dira bere komunikazioan. Landagaingo ikaskideak moldatzen dira elkar ulertzeko, baina herriko bizilagunek ere nahi izan dute ikasi keinu bidez nola komunikatu, eta horregatik arrakasta izan du guraso taldeak abiaturiko ekimenak: 50 lagun ari dira parte hartzen tailerrean, eta hainbat lagun kanpoan geratu da, denentzako lekurik ez zegoelako. Diario de Navarran irakurri dugu erreportajea.
Logopeda bati esker, herritarrak zeinu oinarrizkoak ikasten ari dira, emozioak, koloreak edo lekuak komunikatzeko, egunerokoak beharrezko diren kontuak adierazteko.
Musukoaren eragina
Komunikazioa zeinen inportantea den erakutsi digu pandemiak, eta musukoarekin entzumen ona duen jendeak ulertzeko arazoak izan baditzake, pentsa gorrek. Ezpainak eta aurpegiko adierazpenak irakurtzea tresna ezinbesteko dutenentzat gogorra izan da musukoaren etorrera. Hala azaldu dute Landagaingo gurasoek. Kontzientzia horrek ere bultzatu ditu, hein batean, tailer hauek antolatzera.
Etxalarko ume gor bakarra da Ainara Berrueta. Ekimenak izan duen erantzuna ikusita, babestuta sentitzen direla nabarmendu diote gurasoek Diario de Navarrari.