argia.eus
INPRIMATU
Gorputzen Burujabetza topaketa antolatu du lehen aldiz Bilgune Feministak ekainaren 10ean
  • Donostian egun osoko egitaraua prestatu dute 20. urteurrenean sakondu zuten “gorputza politikoa da” ildoari jarraitzeko. Gorputzen burujabetzari lotutako hitzaldi eta mahai-inguruak egongo dira, baita film laburrak ere. Jule Goikoetxea, Mijo Lizarzaburu, Mer Gomez eta Tal Madesta izango dira saioetako gidariak, besteak beste.

Leire Artola Arin 2023ko maiatzaren 30

Euskal Herriko Bilgune Feministak 2022an bete zituen 20 urte, eta urteurrenean sakondutako hausnarketetatik iritsi da Gorputzen Burujabetza I. Topaketa; aurrerago ere gehiago egiteko asmoa azaldu dute. “Bilgune Feministan urteak daramatzagu gorputza erdigunera ekartzen eta gorputzaren politikotasunaz hizketan”, gogorarazi dute antolatzaileek. Horren adibidetzat jarri dute ekainaren 28an, Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunean, hautatutako leloa gorputza politikoa da izan zela.

Ildo horretan sakontzeko elkartuko dira Donostian ekainaren 10ean, eta gorputzaren gaineko hainbat gai jorratzeko aukera izango dute, zenbait aktibista ezagunekin batera. Tabakaleran antolatu dute larunbat osoko egitaraua, 10:00etan hasi eta 19:00ak arte luzatuko dena, eta bazkari bejetarioanoa ere eskainiko dute.

Antolatzaileek azpimarratu dute “gorputzen burujabetza” terminoa oso zabala dela, eta pertsona bakoitzaren arabera esanahia aldatu daitekeela, beraz, topaketa hau hasieratzat hartu dute, eta lau geltokitan banatu dute eguna. Ondoko hauek izango dira hizlariak eta gaiak: lehen geltokian Jule Goikoetxea eta Mijo Lizarzaburuk eskainiko dute “Gorputzak neomaterialismotik” mahai-ingurua; bigarren geltokian gorputzen burujabetzari buruz arituko dira Mer Gomez aktibista intersexa eta Tal Madesta aktibista transa, Danele Sarriugartek moderatuta; hirugarren geltokian “Lerro arteko gorputz disidenteak” mahai-ingurua osatuko dute Eva Perez-Pons, Lizar Begoña eta Elena Olave idazleek; eta azken geltokian “beste gorpuztasun batzuk” ezagutuko dituzte film laburren bidez, Anaís Córdova-Páezek gidatuta.

Bilgune Feministak jakinarazi du zaintza txokoa eta itzulpen zerbitzua egongo direla topaketan. Izena emateko aukera irekita dago, lotura honetan: labur.eus/GorputzenBurujabetzaI